«Arama bizirik dagoen herria izaten jarraitzea nahiko nuke»
Ekainaren 17an hartu zuen Aritz Insaustik (Arama, 1995) alkate kargua. «Herritarren arteko komunitate indartsua» sortzeko eta «gazteak herrian geratzeko aukera» bermatzeko lanean ari dira.
Aramako Herri Batzarra talde bakarreko kideek osatzen duzue udal gobernua. Zer moduzkoa da lan-harremana?
Zalantzarik gabe, ona. Aramak aurretik dituen erronkei erantzuna emateko udal talde aproposa osatu dugula uste dut. Guztiek dute herriaren alde lan egiteko borondatea eta gogoa. Egia esan, badaukat konfiantza talde honengan.
Aurrekoen lanari jarraipena ematea zenuten helburu. Zer egin duzue hasiera honetan?
Aurreneko egitekoa geure burua udalaren jardueran kokatzea izan da. Udalaren egungo egoera ezagutu, martxan zeuden egitasmoei jarraipena eman eta hurrengo urteetarako plangintza lantzen hasi gara. Udal taldea osatzen dugun bost kideetatik lau berriak gara, beraz. Udalaren zereginak berriak zaizkigu eta uda tartean egonik lasaiago ibiltzeko aukera izan dugu.
Aipatu zenutenez, parte hartzea sustatzea da erronka nagusia. Zer egingo duzue hori lantzeko?
Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da Arama bezalako herri txiki batean, bai udalaren erabakietan zein udalak antolatzen dituen ekitaldietan. Hori dela eta, herritarrak udalaren jardunaren parte egingo ditugu herri batzarren bidez orain arte egin izan den bezala. Herriarentzat garrantzitsuak diren proiektu, ordenantza aldaketa, ekintza… aurrera eraman aurretik, herritarrei aurkeztuko zaizkie eta euren iradokizunak jasoko ditugu.
Araman herritarren parte hartzea handia dela esango zenuke?
Oro har herritarren parte-hartzea egokia da, baina altuagoa izan dadin lanean jarraitu behar dugu. Orain arte batzarretara edo herriko ekintzetara hurbildu ez diren herritarrak egin dezaten animatu behar ditugu.
Herri giroa gehiago sustatzeko beharra ikusten duzue?
Dudarik gabe. Herri giroa etengabe egin beharreko lana da. Herria bizirik mantentzeko herritarrei zerbitzu, kultur jarduera eta ekintza ezberdinak ohikotasunez eskaini behar zaizkie, komunitate aktiboa sortzeko bidea hori baita.
Tokiko Energia Komunitatea sortzeko proiektua ere aipatu zenuten. Zein puntutan dago proiektu hori?
Tokiko Energia Komunitatea sorturik dago, plaka fotovoltaikoak frontoiko teilatuan jarrita daude eta instalazioa amaiturik dago. Sarera konektatzeko baimena lortu bezain pronto martxan jartzeko moduan izango da. Tamalez, nahi baino gehiago atzeratu izan ohi da prozedura hau.
Zer ekarriko luke herritarrentzat Tokiko Energia Komunitateak?
Komunitatearen parte diren herritarrak sorturiko Km0-ko energia berriztagarriaren abantailez baliatuko dira, nagusiki euren faktura elektrikoan jasango duten murrizketaz. Era berean, aholkularitza zerbitzua izango dute eta komunitatearen bitartez merkaturatzaileen eskaintza hobeak jasoko dituzte.
«Urteak dira herrian etxebizitza berririk eraiki ez dela eta beharra nabaria da»
«Taberna/jatetxe berria gauzatzen saiatuko garela ziurra da»
«Jakitun gara herrian denda bat izatea ederra litzatekeela, baina ez da errentagarria»
Etxebizitza ere bada proiektu nagusietako bat. Gazteentzako etxebizitza politika lantzen ari zarete?
Urteak dira herrian etxebizitza berririk eraiki ez dela eta beharra dagoela nabaria da. Hori dela eta etxebizitza berriak eraikitzeko aukera ezberdinak lantzen ari gara eta batik bat, gazteen egungo egoera kontuan izanda. Etxebizitza berriak eraikitzeaz gain, hauek herriko gazteentzat eskuragarriak izan behar baitute. Euren bizitza proiektuak herriak gauzatzeko aukera eman behar diegu, Arama bizirik mantentzeko aukera bakarra hori baita.
Herriko gazteek behar hori sumatzen dute? Zergatik?
Bai. Azken urteetan gazte asko dira herritik alde egiteko beharrean aurkitu direnak herrian geratzeko aukerarik ez zutelako, horrek herriarentzat suposatzen duen galerarekin. Gazteek herrian geratzeko nahia badute, baina ezinezkoa dute gaur egun.
Apaiz etxean ostatu/jatetxe bat jartzeko ideia jarri zenuten mahai gainean. Aurrera doa?
Bai. Aurreko udal-taldeak landutako proiektua da eta guk ere aurrera eramateko asmoa dugu. Proiektua erabat zehazteko gaude oraindik, baina taberna/jatetxe berria gauzatzen saiatuko garela ziurra da.
Zer paper dauka ostatu/jatetxe batek horrelako herri txiki batean?
Honelako herri txiki batean taberna edo jatetxea izateak sekulako garrantzia dauka. Herritarrak elkartzeko guneak dira, herriari bizipoza ematen dioten lekuak. Kanpoko jendea erakartzeko ere ezinbestekoak dira: tabernagatik ez balitz askok ez lukete Arama ezagutuko. Gure intentzioa egungo taberna apaizetxera mugitzea da. Irisgarritasun baldintzak bete eta zerbitzu hobea ematea ahalbidetuko du kokapen berriak.
Inguruko herriekin duzuen komunikazioaren harira, zein da udalak egiten duen lanketa?
Inguruko herriekin dugun harremana ona da eta udal ezberdinak parte diren eskualdeko erakundeak baliagarriak izaten dira herrien arteko erlazioak hobetzeko eta lankidetza sustatzeko.
Denda baten beharrik sumatzen al da herrian?
Jakitun gara herrian denda bat izatea ederra litzatekeela, baina ez errentagarria. Edonola ere, alternatibak lantzen ari gara. Adibidez, taberna berria martxan jartzeak denda txiki bat jartzeko lekua ahalbidetuko luke. Era berean, urritik aurrera Biziolako kideek euren produktuak ekarriko dizkigute astean behin, herrian bertan eskualdeko ekoizleen produktuak erosteko aukera izan dezagun.
Azaroan San Martin jaiak izango dira. Prestatzen hasi zarete?
Uztailaz geroztik horretan lanean gabiltza herritarrekin batera. Azaroaren 10etik 12rarte ekintzaz beteriko egitaraua prestatu dugu. Azaroaren 10ean urteroko gaztaina jana izango dugu eta ondoren Mugi Panderoa taldearekin erromeria; San Martin egunean, berriz, herri afaria eta Muxutruk taldea izango ditugu.
Kultur jarduerei dagokienez, zein da hurrengo lau urteetako plana? Lehentasuna al da?
Hurrengo lau urtetarako plangintzarik egin ez badugu ere, bultzadatxo bat ematea litzateke asmoa. Urtero errepikatzen diren ekintzak egutegian finkatu eta ekintza berriak bilatu. Horretarako, Gaztaintxota kultur elkartea dugu, herriko kultur jarduerak dinamizatzeaz arduratzen dena udalarekin batera. Herritarrei bertan parte hartzeko gonbita luzatzen diet.
Zer beste proiektu edo inbertsio daukazue esku artean?
Esan bezala, etxebizitzak eta taberna/jatetxe berria lirateke proiektu nagusienak eta herriaren baliabide gehienak horietara zuzenduko ditugu. Horretaz gain, egunerokotasunean sortzen diren beharrei erantzuten saiatuko gara.
Zer da Aramarentzat gehien desio duzuna?
Arama bizirik dagoen herria izaten jarraitzea nahiko nuke. Herritarren arteko komunitate indartsua duena eta gazteek herrian geratzeko aukera bermatzen duena.