Arana kaleko festak ospatuko dituzte asteburuan
Larunbatean eta igandean ospatuko dituzte festak eta egitarau oparoa antolatu dute. Bertara inguratzeko gonbita luzatu dute auzotarrek.
Sona handia zuten Beasaingo Arana kaleko festek garai batean. Urteekin itzaltzen joan ziren, baina pixkana-pixkana berreskuratzeko asmoa dute auzotarrek. Hala, larunbaterako eta iganderako egitarau oparo eta dibertigarria antolatu dute.
Beasaingo herrigunean, langileen auzoa zen Arana. Azken urteetan baina, estigmatizatua izan da, bai beste herrialde batzuetako pertsona migranteak bizi direlako bertan, bai bertan jazo diren hainbat gertakarirengatik. Baina Arana bizia dela erakutsi nahi dute auzotarrek, eta herritar guztiei festetan parte hartzeko gonbita luzatu dute.
Denentzako egitaraua
Belaunaldi arteko toka eta igel txapelketarekin hasiko dira. Izen ematea txapelketaren tokian bertan egin beharko da aurrez. Arratsaldean, Atxipi aisialdi taldeak jolasak egingo ditu haurrentzat. Aranara gerturatzen denarentzat txokolatea ere soberan izango da. Eta goizaldean, kulero eta kantzontzilo lehiaketa egingo da. Auzotarrek kontatu dutenez, aspaldi-aspaldiko tradizioa omen da lasterketa hau. Iturrioz kaleko bizilagunekin zegoen lehiatik sortu zen, eta horri keinu egin nahian, festa hauetan ere berreskuratu nahi izan dute. Parte hartzeko izena eman beharko da, 01:30ean, agertokian. Sariak ere izango dira. Emakumezko azkarrenarentzat, presoterapia saioa Dizdiran, eta gizonezko azkarrenarentzat, ilea moztea Carmel Barber Shop-en. Lasterketaren aurretik, aspaldiko tradizioa zen zurrakapotearen ordez, kalimotxoa eta Kebab-eko pizzak izango dira.
Iganderako ere egitarau betea izango da. Seat 600 kotxe klasikoen topaketa izango da. 20 bat inguru izango dira. Paella jan herrikoia ere egingo dute. Auzotarrentzat doakoa izango da. Gainontzekoentzat tiketak salgai daude Basakanan, Txantxangorrin, Sol tabernan eta Kuluskan. Giroa animatzen, auzotarren taldeen kontzertuak izango da. Flamenkoa, runba eta bestelako erritmoak izango dira.