GOIERRIKO HITZAren argazki lehiaketako garaileek jaso dituzte sariak
Juan Mari Apaolazarentzat izan da Hitzakideen lehen saria eta Bidatz Urrestarazuk jaso du Hitzakideen 2. saria. Maitane Marquezek, berriz, publikoarena.
GOIERRIKO HITZAren argazki lehiaketa bukatu da. Gaur arratsaldean egin dute sari banaketa, Biziolan. Hogei bat lagun elkartu dira, eta guztiek izan dute saria: bertako produktuekin egindako zizka mizkak izan dituzte ekitaldia borobiltzeko. Argazki sarituak ikusteko, egin klik hemen.
Juan Mari Apaolazak lortu du Hitzakideen lehen saria, Musika beti argazkiarekin. Donostiako Jazzaldian aterako argazkia da eta, bertan, euripean kontzertua hasteko zain dagoen bikote bakarti bat ikusten da. “Street foto purua da”, azaldu du egileak. “Kursaaleko eszenatokitik beste batera gindoazela bikote hau ikusi nuen, eta argazkia atera nien. Keinu bat egin zidaten orduan, eta beste argazki bat atera nien, jarrera lasaiagoan”, oroitu du. Iaz ere parte hartu zuen, Segurako elizaren argazki batekin, baina lehen saria du aurtengoa.
Bidatz Urrestarazurentzat izan da Hitzakideen 2. saria. Berak ere kostaldean atera zuen argazkia, Zumaian. “Asko joaten gara oporretan”, zehaztu du. Halako batean, Kataluinatik etorritako castell talde batekin egin zuten topo, eta Urrestarazuk argazkia bota zien: atzetik, bertikalean. Giza dorrea jarri dio argazkiari izena. “Gurasoengandik bereizi egin nintzen eta telefonoa eman zidaten, badaezpada. Mugikorrarekin egin nuen argazkia”. Ez zuen lehiaketara aurkezteko asmorik, baina amona argazki zalea duela esan du eta berak animatu zuen parte hartzera.
Maitane Marquezen istorioa ere antzekoa da. Berak publikoaren saria irabazi du, mugikorrarekin egindako argazki batekin. Ur azpian dortoka bati atera zion argazkia, Thailandian. “Oporretara joan ginen, eta argi genuen ur azpian argazkiak aterako genituela. Marrazoak ikusi nahi genituen, baina dortoka honekin egin genuen topo. Hara non, halako hiru besterik ez direla bizi inguruan”. Hasieratik gustatu zitzaion argazkia, baina azken unean aurkeztu zuen lehiaketara. “Beste lagun batek parte hartu zuen eta laguntza eskatu zidan. Nik ere banuela argazki polit bat esan nion, eta biok bidali genuen”. Lagunei eta familiakoei publikoaren saria irabazteko laguntza eskatu ziela aitortu du.
Aurten ia 60 argazki aurkeztu dira lehiaketara. Urtetik urtera geroz eta argazki gehiago eta gero eta boto gehiago ditu GOIERRIKO HITZAren argazki lehiaketa txapelketak. Argazki guztiak ikusteko, egin klik hemen.