Herriko elkarteen eguna ospatuko dute larunbatean
Tokiko 27 elkartek parte hartuko dute jardueraren lehenengo edizioan. Elkarteen lana gizarteratzea eta sareak sortzea da helburua. Postuak eta kale ekintzak izango dira, Erauskin plazan eta Gernika pasealekuko frontoiaren arteko eremuan.
Herriko elkarteen eguna egingo da lehenengoz, Beasainen. Larunbatean izango da, Erauskin plazan eta Gernika pasealekuko frontoi txikiaren arteko eremuan. Postuak jarriko dituzte bertan, non elkarte parte hartzaileek, 27 guztira, urtean zehar egiten duten lana erakutsiko duten. Goiza girotzeko, musika eta dantza ez dira faltako.
Duela egun gutxi Udazken Kulturalaren aurkezpenean udal ordezkari eta teknikariek ongi adierazi zuten moduan, «elkarteek ematen diote bizia herriari». Zentzu zabalenean gainera; izan kultur ekitaldi, izan kirol jardunaldi, izan ongizate ekintza,… herriak bizia duenaren seinale dira antolatzen dituzten adierazpen bakoitza.
Elkarteen egunarekin, helburua da, elkarteon lana balioan jartzea, ikusgarritasuna ematea, haiengana hurbiltzeko aukera ematea herritarrei eta elkarteen artean sareak josi eta elkarlana sortzeko espazio bat izatea.
Ekintza desberdinak
Goizean, 10:00etan emango zaio hasiera Herriko elkarteen egunari, Erauskin plazako postuen irekierarekin. Ordu berean, eskultura kolaboratzailearekin hasiko dira, Arteria Errizomaren eskutik.
Arteria errizomak sustatu eta Itziar de la Granja artista Zegamarrak gidatutako egitasmo honetan, herri ezberdinetako elkarte eta eragile desberdinen artean zumitzez osatuko den, eskultura komunitario kolaboratzaile bat sortuko da. Lehenengo zatia Ormaiztegin osatu ondoren, orain bigarren saioa Beasainen burutuko da.
Jarduera honekin, gizarte inklusibo bat lortzeko pauso bat gehiago eman nahi da. Eta kultur eskubideak aldarrikatzeko helburuarekin, mota eta kolore guztietako pertsonak babestuko dituen aterkia eta gunea sortzea da helburua.
Goiza girotzeko, bestelakoak ere izango dira. Urbiberri gizarte zentroko Gurea abesbatzak kanta sorta eskainiko du. Jarraian, Xhutai batukadaren erritmo biziez gozatzeko aukera izango da, eta azkenik, dantza erakustaldia ere egingo dute.
Erreleboa hartu du
Aurten lehenengoz egingo den Herriko elkarteen egunak, aurretik ospatzen zen beste jarduera batekin lotura duela esan daiteke, Boluntarioen egunarekin, hain zuzen ere. Ongizate arloko elkarteek parte hartzen zuten egun horretan, eta helburua zen, euren lana gizarteratzea.
Pandemiarekin, ospatzeari utzi zitzaion, eta orain, hura berreskuratzeko ariketan, kontutan izanda Beasainen 50 inguru elkarte daudela, arlo konkretu bateko elkarteez gain, herriko elkarte guztiek izango dute tokia.