Larunbatean aurkeztuko dute Ordiziako Probaren ehun edizioen liburua
Aurkezpena 11:00etan izango da, udaletxean. Iñaki Azantzak idatzi du liburua, eta Patxi Garmendiak itzuli du euskarara. Larratxan, Amonanen eta D’elikatuzen eros daiteke.
Uztailaren 25a hitzordu berezia izaten da bailarako txirrindularitza zaleentzat, Ordiziako Santa Ana festetan murgilduta, Ordiziako txirrindularitza Klasikoa egiten delako. Aurten Ordiziako Probaren 100. edizioa izan da, eta horren harira, mende oso bateko txirrindularitza proba horren edizioak biltzen dituen liburua prestatzen ibili da Txapel Gorri elkartea. Dagoeneko lana burutu dute, eta larunbatean aurkeztuko dute herritarren aurrean.
Udaletxeko batzar aretoan izango da aurkezpena, 11:00etan. Ordiziako Proba, mende bat Ordiziako historian bizikleta lasterketa baten bidez izena du liburuak. Iñaki Azantzak idatzi du, Patxi Garmendiak euskaratu du eta Txapel Gorrik argitaratu du. Ordiziako Proba ardatz hartuta, herriaren historia ezagutzeko eta garapena ikusteko aukera ematen du, garai bateko zein egungo argazkiekin eta kronikekin.
Azantzak azaldu duenez, «txikitatik» izan du «txirrindularitzarekiko afizioa», eta horregatik, «material asko» zeukan gordeta. Orain dela 10 urte izan zuen Txapel Gorrik liburua egiteko ideia. Azantzari proposamena egin zioten, eta baiezkoa eman zuen. Prozesua «abentura bat» izan zen arren, emaitzarekin «oso gustura» agertu da egilea. «Hemeroteka lan handia» egin du liburua osatzeko.
«Hainbat gauza ezkutatzen» dituen liburua dela dio Azantzak, «keinu askorekin». Esate baterako, garai bateko tipografiak txertatu dituzte. Bi helbururekin osatu dute: batetik, adineko pertsonek urte horiek gogora ekar ditzaten, eta bestetik, belaunaldi berriek probaren eta herriaren bilakaera ezagutu dezaten.
«Omenaldi» modura, liburuaren azalean publikoa da protagonista, Azantzaren hitzetan, «oso garrantzitsuak direlako beti». Urdaneta kalea jendez beteta ikusi daiteke, zuri-beltzean, errepidean bizpahiru txirrindularirekin.
Salmenta lekuak
Herritarrak deitu dituzte larunbateko aurkezpenean parte hartzera. Liburua Larratxan, Amonanen eta D’elikatuzen eros daiteke, 25 euroan (20 euro lasterketa babesten duten bazkideentzat, D’elikatuzen), euskaraz edota gazteleraz.