Lehen mailako oiangutarrak, elkarren aurka, gaur, Olaberrian
Ibarguren-Etxeberria eta Irastorza-Letamendia bikoteen arteko partida izango da, 22:30ean. Bihar, Beti Alai pilotalekuan, Errepalako bikotea izango dute aurkari Otegik eta Andonegik.
Asteburuan Gipuzkoako pala txapelketa lehen eta bigarren mailako bigarren itzulia hasiko da, ligaxkaren azken zatia izango dena. Lehen mailako oiangutarrek elkarren aurkako partida izango dute gaur, Olaberrian. Oiangu 1eko Ibarguren-Etxeberria eta Oiangu 3ko Iratorza-Letamendia bikoteek elkarren aurka jokatuko dute, 22:30ean.
Bihar, aldiz, Oiangu 2ko Otegi-Andonegi bikoteak Errepalako bikotea izango du aurkari, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, 19:30ean. Bigarren mailakoei dagokienez, Azpeitiko Ilunperen aurka jokatuko du Ropero-Luzuriaga bikoteak, 10:00etan, Olaberrian.
Hirugarren mailako oiangutarrek ere izango dituzte partidak, etxetik kanpo. Oiangu 3ko Gonzalez-Samaniego bikotea Andoaingo pilotalekuan izango da bihar iluntzean, eta Oiangu 2ko Naldaiz-Elorza bikoteak, berriz, larunbat goizean jokatuko du Altzako pilotalekuan.
Aurrekoan, garaipen bakarra
Azken bolada honetan Oianguko pilotariek ez dute nahi bezalako emaitzarik lortu, asteburuan jokatutako 7 partiduetatik garaipen bakarra lortu dutelarik.
Bigarren mailako bikoteak (Luzuriaga-Ropero) partidu zaila izan zuen Oiartzungo Txost taldearen aurka, 18-35eko emaitza lorturik. Lehen mailako hiru bikoteek ere ezin izan zieten aurkariei aurre egin eta aurtengoan maila oso altua dagoela gogorarazi zieten Errepalako zein Gaztelekuko bikoteek. Hirugarren mailan izan zen asteburuko garaipen bakarra, Olaberrian jokatu zen partidan. Oiangu 2ko (Naldaiz-Elorza) bikoteak Oiangu 1eko (Oyarbide-Ormazabal) bikoteari 35-16ko emaitzarekin irabazi zion. Azkenik, 3.mailako Oiangu 3ko bikoteak zail izan zuen, Donostiako Altzatarrak taldekoen aurka, 22-35 emaitzaz galdu zutelarik.