Bizitza autonomoa eta lan mundu babestua jomuga
Olazabal Institutuko Zereginen Ikaskuntza Gelako kideek lanketa praktikoa egin dute sagarraren inguruan. Sagar zukua egin dute, eta festa giroan elkarbanatu dute emaitza zentroko gainerako ikasleekin.
Sagarrak biltzeko eta sagardoa egiteko garaia dela baliatuz, Olazabal institutuko Zereginen Ikaskuntza Gelako hamar ikasleek ariketa praktikoa eta berezia egin zuten gai horren inguruan joan den astean. Herriko baserri batean sagarrak bildu eta gero, dolare txiki bat erabilita sagar zukua egin zuten.
Institutuko gainerako ikasleekin eta irakasleekin elkarbanatu zuten gero emaitza, baita lan horren inguruan sortu zen elkartasun eta jai giroa ere. Bizitza autonomorako eta lan mundurako baliagarria izango zaien esperientzia horretaz ederki gozatu zuten ZIG-eko hamar kideek.
Sagar zukua, aitzakia
Euskal kulturan hain errotuta dagoen sagarraren inguruko lanketa gela barruan hasi zen, eta Legazpiko Mantxola auzoko baserrian izan zuen jarraipena ondoren, ikasle baten gurasoen sagastian. Sagarrak bildu zituzten han, eta institutura eramanda, zukua egiteko prozesuari ekin zioten, irakasle batek bere baserritik eramandako materiala erabiliz.
Joan den asteko goiz eguzkitsu batean egin zuten lana, Olazabalgo aurreko patioan. Txandaka, sagar zanpatzen jardun zuten guztiek lehenik, eta behin txikituta, dolare txikira bota eta prentsari eragin zioten, hori ere txandaka, zukua ateratzeko. Hamar litro inguru atera zituzten, eta sagar festara gonbidatutako gela iraunkorreko eta DBH 2 eta 3 eta Batxilergoko ikasleen eta irakasleen artean banatu zuten. Musikarik ez zen falta festa girotzeko, eta tarteka txalaparta soinuak ere entzun ziren, ikasleek beraiek jota.
Prestakuntza alternatiboa
Olazabalgo ZIG-en hamar ikasle daude, Lazkaokoak, Mutiloakoak, Aramakoak, Legazpikoak, Legorretakoak eta Beasaingoak. 16 eta 20 urte bitartekoak dira, eta desgaitasun intelektuala dute. Gela honek heziketa arautuak eskaini ezin dien alternatiba bat ematen die, batez ere bizitza autonomoari eta lan babestuari begirako trantsiziozko prestakuntza bat. Pedagogo bat, tailerreko irakasle bat eta hezitzaile espezializatu bat dituzte bidelagun prozesu horretan.
Tailerreko saioak gidatzen dituen Debora Herrerok azaldu duenez, prestakuntza mota honen helburua «sozializazioa, autonomia pertsonala, osasuna, adierazpena eta komunikazioa bezalako gaiak» lantzea da, eta lan munduari begira jarrita, «materialaren ardura, aginduak edo ematen zaizkien kontsignak ulertzea eta betetzea…» ere bai.
Ikasleek gaitasun maila desberdina dute, eta bakoitzaren trebeziak lantzen dituzte bereziki. «Agian batek irakurtzen badaki alfabetizazio maila ona duelako, baina beste batek ez du hainbeste trebezia horretan, baina tailerrako lanetan bai».
Azken helburua «20 urtera iristean Gureak edo horrelako lantegietan lan egiteko prestakuntza bat izatea» da. Gainera, oso prestakuntza praktikoa da, eta bizitza autonomora bideratuta dago beti. Horregatik egiten dituzte sukaldaritza tailerrak, edo diru kontuak eta ordua jorratzen dituzte, «bizitza ulertu eta bertan autonomiaz mugitzen ikasteko». Sagar zukuaren lanketa ere hor kokatzen da.