Xabi Zurutuzak lasterketa du asteburuan Motorland zirkuituan
Denboraldiko azken aurreko proba da, eta oso gertu duen txapelketako bigarren postura iristeko ahalik eta puntu gehien lortzea da helburua.
Hiru hilabeteko oporraldiaren ondoren, Xabi Zurutuza moto pilotu legazpiarra lasterketetara itzuliko da igande honetan, Aragoiko Motorland zirkuituan (Espainia). Junior GPko lasterketa 13:00etan izango da, eta ohi bezala, DZAN telebista plataforman emango dute. Legazpin, Zurutuzaren fan klubeko egoitza den Karibe Zaharra tabernan ere ikusi ahal izango da lasterketa zuzenean.
Junior GP txapelketaren azken aurreko proba izango du igandekoa, eta txapelketa horretako bigarren postua lortzeko ahalik eta puntu gehien lortzea da bere helburua, txapeldun orde izateko aukera handiak dituelako. Titulu hori eskuratuta, MTA talde italiarrarekin egindako bi urteei amaiera borobila emango lioke, eta hasiera ezin hobea ere bai hurrengo urtean Moto 3 mailari, Red Bull KTM Ajo taldearekin.
Oso animatuta, eta ondo prestatuta
Legazpiarra “oso animatuta” dago denboraldiko azken txanpa honi aurre egiteko. “Badut motoa hartu eta pistara ateratzeko gogoa. Atsedenaldi luzeegia izan da, eta lehiaketaren azken txanpa honetarako ahalik eta ondoen iristeko sutsu entrenatzen egon naizen arren, lehiaketaren adrenalinak ez du parekorik”.
Fisikoki zein mentalki ondo prestatuta dagoela dio Zurutuzak, eta Motorland-en aurreko postuetan egon daitekeela uste du: “Motorland Aragon-eko pista hau atsegin dut, eta oroitzapen onak ditut. Gorabehera askoko pista da, zuzen gune luzeak eta oso bihurgune teknikoak dituena. Eta horrelako tokietan ondo ibiltzen naizela uste dut”.
Aragoiko asteburua eta gero, Junior GP txapelketak Valentzia aldera egingo du, eta bertan jokatuko dira 2023 denboraldiko azken bi probak, azaroaren 5eko asteburuan. Han erabakiko dira ohorezko hiru postuak, eta legazpiarrak horien artean egon nahi du, eta aukerak ditu.