Abiadura mugaren kontrol kanpainan 148 isun jarri dituzte Beasainen
Abiadura muga gehien gainditzen diren eremuak Trenbide, Ezkiaga eta Igartza Oleta kaleak dira eta alderantziz berriz, Oriamendi kalean. Beasain ‘30 hiria’ dela gogorarazi du udalak
Trenbide, Ezkiaga eta Igartza Oleta kaleetan gainditzen da gehien abiadura muga, Beasaingo herrigunean trafikoaren abiadura neurtzeko udalak abiatutako kanpainan zehar -uztailean eta irailean egin ziren neurketak, bi egunetan- jasotako datuen arabera. Guztira, 148 isun jarri zituzten, baimenduta dagoena baino abiadura handiagoan gidatzeagatik. 146 isun jarri zituzten, orduko 46-50 kilometroko abiaduran zirkulatzeagatik. Beste bi, abiadura handiagoan gidatzeagatik.
Kanpaina burutu zen egunetan, 3.143 ibilgailuren joan-etorria atzeman zuen radarrak. 858 ibilgailuk (%72,7k) baimendutako abiadura muga errespetatu zuten. 2021eko abenduan abiadura kontrolatzeko egin zen kanpainan, %83,6k hautsi zuten araua, beraz, nabarmen egin du behera.
Abiadura-muga gainditzen duten ibilgailuen kopuruagatik arriskutsuak izan daitezkeen eremuei dagokienez, udalerriko sarbide nagusietan jarri du arreta udalak: Igartza Oletan % 83,8k abiadura gainditzen zuten; Ezkiaga etorbidean % 74k; eta Trenbide kalean %77,8k. Abiadura muga gehien errespetatzen den eremua berriz, Oriamendi kalea da, udalak esan duenez.
Orduko 30 kilometro
Beasain 30 hiria dela eta bide-segurtasunari buruzko legeak hiriguneetan orduko 30 kilometroko abiadura muga ezartzen duela gogorarazi du Udalak, abiadura hori gainditzeak lekarren arriskuaz ohartarazteaz gain. Nazioarteko zenbait azterlanen arabera, orduko 30 kilometroko abiaduran harrapaketa bat gertatuz gero, heriotza gertatzeko probabilitatea %10ekoa da, baina heriotza gertatzeko probabilitatea handiagoa da abiadura handitu ahala.