Azken minutuan irabazi du Ampo Ordiziak, zigor kolpe batekin
Silicius Alcobendasen aurkako partidan 29-30 gailendu dira goierritarrak. Bera Bera-Ordiziak bi garaipen lortu ditu lehen bi partidetan.
Ampo Ordiziak azken momentuan irabazi zion Silicius Alcobendas taldeari, etxetik kanpo. atzo. Zigor kolpe bat sartu zuen talde goierritarrak 79. minutuan, eta hala, 29-30 gailendu zen. Ohorezko Mailako liga erregularreko bigarren jardunaldia izan zen. Denboraldiko lehen garaipena lortu du Ampo Ordiziak.
Lehenengo jardunaldiko partida ere azken unean erabaki zen, kasu horretan Ordiziaren kontrako emaitzarekin. Pasek Belenos taldea hartu zuen Altamiran Ampo Ordiziak, eta 34-35 galdu zuten 79. minutuan zigor kolpea sartu zuelako aurkariak.
Asteburuan etenaldia izango dute Ohorezko Mailan. Hurrengo partidak, 3. jardunaldikoak, urriaren 22an izango dira. Ampo Ordiziak Recoletas Burgos taldearen kontra jokatuko du, Burgoseko Bienvenido Nieto zelaian. Laugarren jardunaldia berezia izango da Ordizia Rugby Elkartearentzat. Urriaren 28an 50 urte beteko dira klubeko lehen taldeak lehen partida jokatu zuenetik, eta Ampo Ordiziak Complutense Cisnerosen kontra jokatuko duela aprobetxatuta, urteurreneko ospakizunak egingo dira.
Bi garaipen
Emakumeen Euskal Ligako taldeak ere hasi du denboraldia. Bera Berako eta Ordiziako neskek elkarrekin jokatuko dute denboraldi honetan, Bera Bera-Ordizia izenarekin. Etxeko partidak Kote Olaizola miniestadioan jokatuko dituzte, Donostian. Bi garaipen lortu dituzte lehen bi partidetan. Urriaren 1ean Sarako Izarrak taldeari 87-0 irabazi zioten, eta larunbatean, berriz, Gaztedi taldearen aurka nagusitu ziren bi punturengatik, 17 eta 19 irabazita.