Urriaren 16an itzuliko dira lanera CAFen amiantoz kutsatu ziren nabeetara
Gaur goizean, Prebentzio Zerbitzuak, Prebentzio delegatuek eta OSALANek bilera egin dute, emaitzak xehetasun gehiagorekin aztertzeko. Egin ziren «62 frogen emaitza egokia» dela azaldu dute. Beasaingo CAF lantegiko enpresa batzordetik adierazi dute «egoera honek arduradunak» dituela, eta horien «kargugabetzea» eskatu dute.
Beasaingo CAF lantegian amianto kutsaduragatik hilabete pasatxo itxita dauden hiru nabeak datorren urriaren 16an irekiko dituztela iragarri du enpresak. Prebentzio Zerbitzuak ostiralean jakinarazi zuenez, egindako azken neurketa guztien arabera, amiantoaren maila «onartutako balore maximoen azpitik daude», beraz, langileak lan postuetara «normaltasunez» itzultzeko moduan izango direla aipatutako datatik aurrera.
Gaur goizean, Prebentzio Zerbitzuak, Prebentzio delegatuek eta OSALANek bilera egin zuten, emaitzak xehetasun gehiagorekin aztertzeko. Egin ziren «62 frogen emaitza egokia» dela azaldu zuten.
Kargugabetze eskaera
Beasaingo CAF lantegiko enpresa batzordetik adierazi dute egoera honek «arduradunak» dituela eta horien «kargugabetzea» eskatu dute: «Egoera hau sorrarazi dutenek eta behin sortuta, kudeaketa negargarria egin dutenek euren ardura onartu eta ezin dute gaur egungo funtzioetan jarraitu».
Hain zuzen ere, iragan astean Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Perez Barredok eta Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Iscarrek, Legebiltzarrean agerraldia egin zuten Beasaingo enpresako hiru naberen itxiera eragin zuen gertakaria nola ikuskatu duten azaltzeko. Bertan onartu zuten «zerbaitek huts egin» zuela, ondorengo hitzen bidez: «Agerikoa da zerbaitek huts egin duela itxuraz zuzena den lan-plana izanda gorabehera bat gertatu bada».
Horrez gain, itxita dauden hiru nabeetako langile guztiak amiantoaren eraginpean egon direnen zerrendan sartzea eskatu dute.
CAFeko zuzendaritzaren aldetik «gardentasun falta» ere salatu du enpresa batzordeak.