Astigoxo, feriako gozogileak
Saltzaile berriak hasi dira, Biziolako labean prestatutako gozo kontuekin. Basoan ere izan dira berritasunak, eta niskaloak hasi dira. Kanpoko produktu berrien artean, laranja nagusi.
Gozo usaina nagusitu da gaur goizeko ferian, Plaza Nagusiaren kanpo aldean iritsi den postu berriari esker. Giroa, berriz, eguraldi onak, ohiko erosleek eta hain ohikoak ez diren bisitariek jarri dute. Gaur, Ordiziako bertako Jakintza ikastolako ikasle talde bat ibili da postuz postuz, eta Basque Culinary Center-eko beste ikasle batzuk ere bai, D’elikatuz zentroko gidariek lagunduta.
Plaza barruan egoten den ohiko saltzaile batek galdetzen zuen nolatan jarri dioten atzealdean horrelako tentazioa, oso gozozalea delako eta txokolatea asko gustatzen zaiolako. Astigoxo gozogileen postu horretaz ari zen. Gaur hasi ziren ferian, Lazkaoko Biziola aretoan duten obradorean eta labean egindako tarta, bizkotxo eta gailetekin.
Zaldibiako Eider Garmendia eta Beasaingo Astigarreta auzoko Susanne Klemm alemaniarra dira Astigoxo, eta aurrerantzean ferian izango dira gozo kontuak saltzen. Gaur lagin bat eraman dute egiten dutena erakusteko batez ere, baina baita saltzeko ere: gazta eta mango tarta, gazta eta gerezi tarta, sagar tarta alemaniarra, txokolatezko bizkotxoa, tiramisua, txokolate mouse (errazioa, 3 euro), limoizko edo txokolatezko gailetak (hiru gaileta 2 euro), quiche gaziak… Ferian bertan salduko dute generoa, baina enkarguak ere hartuko dituzte, bertan edo 613 101 019 telefono zenbakian. Lehenengo egun honetan arrakasta handia izan dute, ea hemendik aurrera ere horrela den.
Niskaloak hasi dira
Saltzaile berriak iritsi dira beraz, feriara, baina betikoek ere jarraitzen dute, eta horien artean, perretxiko saltzaileek. Horiek aurkeztu dute gaurko berritasun nagusia, niskaloa, udazkeneko produktu peto-petoa. Lasaren eta Barcinaren artean 45 kilo izan dituzte salgai, kiloa 15 eta 22 euro artean.
Bestela, 310 kilo onddo (14-26 euro), 56 kilo gibelurdin (24-29 euro), 34 kilo ziza hori (15-20 euro) eta 13 kilo gorringo (18-38 euro) ere eskaini dituzte, bi saltzaile horienak eta plaza barrukoenak batuta.
Nobedade gehiago ere izan dira, eta Zeraingo Intxaustik pak choi edo aza txinatarra jarri zuen salgai, bakoitza 1,5 euroan. Aurreko astean ziazerba aurkeztu zuen zeraindarrak, eta gaur gogoratu duenez, berak kiloka saltzen du. Ziazerba kiloa 8 euroan du.
Barazki kontuetan izan da kontatzeko gehiago ere. Baliarrango Edurne Jauregik, esaterako, kuia aukera zabala zuen. Batzuk jangarriak, eta beste batzuk dekoraziorako bakarrik, tamaina eta kolore askotakoak ziren. Jatekoen artean, estimatuena potimarron da, baina tronpeta eta kakahuete motakoak ere asko saltzen omen dira. Adornurako erabiltzen direnak ere asko saltzen direla esan du. Azaroaren 1a iristen ari dela eta, egun horretarako beste batzuk gordeta dituela ere esan du, eta ekarriko dituela hurrengo ferietan.
Kuia, niskaloa bezala, udazkeneko produktua da, eta borraja ere bai. Aramako Miren Jauregik sorta ikusgarriak zituen gaur. Berak urte osoan izaten zituela esan du, baina oraintxe unerik onenean dituela zehaztu du. Kanpokoekin alderatuta, hemengoak ez direla hain zakarrak eta ez dituztela arantza txikiak esan du, eta zaporea ere hobea dutela erantsi du.
Ezti kontuak
Balerdipeko ezti saltzaileen postuan ere produktu berriak zeuden gaur: xaboia eta tomate konfitura. Xaboia eztiarekin, propoliarekin, oliba olioarekin, sodarekin, argizariarekin eta laranja esentziarekin egindakoa dela azaldu du Inaxio Arinek. 120 gramoko puskak dira, 3,6 euroan. Propolia orbaintzaile naturala izanik, eta eztia hidratatzailea, eskuetarako eta gorputzerako xaboia da.
Tomate konfiturarako, berriz, azukrearen ordez eztia erabili duela esan du (200 gramoko potea, 3,50 euro). Sukaldaria da, eta gauza berriak probatzea asko gustatzen zaio. Oraingoan, eztiarekin egindako tomate konfitura hau egin du, baina azukrearekin egindakoa baina gozoagoa dela zehaztu du.
Laranja berriak
Fruta saltzaileek ere aurkeztu dute gaur berritasun garrantzitsu bat, Valentziako laranja. Oraindik garratz samarra dago, eta kiloa 1,95 eta 22,9 euro artean zuten. Mandarinak duela aste batzuk iritsi ziren dagoeneko, eta klementina ere badago, baina oraindik kanpokoa da nagusi, Valentziakoa ez dagoelako oraindik bere puntuan, saltzaileetako batek azaldu duenez.