Ataungo ‘Leizeta’ ikuskaria Bilbon Mendi Film jaialdirako aukeratu dute
Mendiari buruzko dokumentalen lehiaketako ‘Zabalandi’ sailean emango dute Ataunen ekoitzitako lana. Abenduaren 8tik 17ra da jaialdia. «Ilusio handiz» jaso dute izendapena Atauniker eta On Produkzioak egileek
Ataungo ondare naturala dokumentatzeko eta ezagutarazteko proiektuaren barruan, iaz ekoitzi zuten Leizeta ikus-entzunezkoa. Atauniker elkartea izan zen bultzatzailea, eta On Produkzioak ekoiztetxeak burutu zuen lan tekniko-artistikoa. Herenegun, errekonozimendu batek pareko har litekeen aukeraketa baten berri eman zuten: Bilboko Mendi Film Festibalean, abenduan, emateko aukeratu dute.
Izendapenak «iusio handia» egin diela azaldu du Atauniker elkarteak. Mendiko ikuskari eta dokumentalei eskainitako jaialdia abenduaren 8tik 17ra izango da, Bilbon. Zabalandi sailean sartu dute Leizeta, eta eragileak eta arduradunak aurkezpenean bertan izango dira, emanaldiaren egunean.
Eskaintza Matias Imazi
Eskaintza bat ere egin dute Ataunikerrek eta On Produkzioek, Matias Imaz hilberriarekin oroituta: «Aukeraketa hau sari handia izan da proiektu xume hau gauzatu dugun lantaldearentzat. Berri pozgarria jaso dugun momentuan berriki utzi gaituen Matias Imaz eta bere familia etorri zaizkigu burura, proiektu hau, hein handi batean, berarekin barrunbe honetara egindako bisita batetik sortu baitzen. Zauden lekuan zaudela, zuretzat da sari hau Matias».
Dokumental laburra da Leizeta, eta helburua Ataungo Domoan dagoen natur eta kultur ondarea ezagutaraztea da; «eta, bide batez, bere kontserbazioaren alde egitea», zehaztu dute egileek, ohar batean.