Marino Lejarreta Klasikoa desagertzear dago boluntario faltagatik
Ertzaintzaren eskakizunak direla eta, 56 boluntario behar ditu antolakuntzak lasterketa egin ahal izateko. Izen-ematea hilaren 16an bukatuko da, 17:00etan.
Marino Lejarreta Klasikoa “desagertzeko arriskuan” dagoela jakinarazi du lasterketa antolatzen duen Txapel Gorri Elkarteak. Urriaren 22rako daukate aurreikusita egitea VII. Marino Lejarreta Klasikoa, baina zailtasunak izaten ari dira antolakuntzarekin, boluntarioak falta direlako.
Ertzaintzaren eskakizunak direla eta, 56 boluntario behar dituzte Alegiatik Ordiziaraino dituzten 56 bidegurutzeetarako, bakoitzean pertsona finko bat egon dadin. Kopuru hori betetzerik ez badute, ezingo dute lasterketa egin. “Antolakuntzarekin lankidetzan aritu nahi duten boluntarioak behar ditugu”, dei egin dute.
Herritarrak deitu dituzte lan horietarako, klasikoaren 7. edizioa bertan behera geratu ez dadin. Izena emateko epea hilaren 16an amaituko da, 17:00etan. Bi bide daude horretarako: pvokml@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke, edo 610 43 56 09, 680 27 57 56 edo 656 77 62 37 telefonoetara idatzi, WhatsApp bidez. “Zure lankidetza espero dugu. Ahaleginak merezi du”.