Amaia Telleria eta Irati Goikoetxea, Alberdaniaren bilduma berrian
Argitaletxeak, bere 30. urteurrenean, idazle gazteen bildumak argitaratuko ditu. Lehenengo bilduman 6 idazle daude, tartean Telleria eta Goikoetxea. 'Haize-lekuak' eta 'Herriak ez du barkatuko' eleberrien gaztelerazko bertsioak dira bilduman sartutakoak.
Alberdania argitaletxea 1993an sortu zen. Aurten, beraz, 30 urte bete ditu. Urteurrenaren harira, proiektu berri bat jarri du martxan. Idazle gazteei ahotsa emateko, urtean belaunaldi berriko hainbat idazleren 8 bat liburu argitaratuko ditu. Asteartean aurkeztu zuten lehenengo bilduma, Donostian. Sei liburu dira: lau eleberri eta bi kontakizun liburu. Idazleen artean bi goierritar daude: Amaia Telleria idiazabaldarra eta Irati Goikoetxea beasaindarra.
Haiez gain, lehen bilduma horretan sartzen dira Goiatz Labandibar, Goizane Aizpurua, Leire Arrue eta Beñat Sarasola. Jorge Gimenez Bech Alberdaniako arduradunak astearteko aurkezpenean adierazi zuenez, «asko dute esateko» idazle gazteek. «Idazketarako gaitasuna itzela dute seiek». Bildumako sei liburuetatik bost euskaratik gaztelaniara itzulitako lanak dira. Argitaletxeko arduradunaren esanetan, «euskarazko aktiboak gaztelerako panoraman» txertatzea da helburua.
Bi itzulpen
Bildumako Amaia Telleriaren liburua Haize-lekuak bere lehen eleberriaren itzulpena da. Bertsio originalarengatik Zilarrezko Euskadi saria irabazi zuen 2021ean, eta orain Alberdaniak -euskarazko ere Alberdaniak argitaratu zuen- gaztelerazko bertsioa argitaratu du, En manos del viento izenarekin. Idazlearen hitzetan, «erronka bat» izan da itzulpena, istorioaren oinarrietako bat baita hizkuntzaren erabilera. «Mikela, protagonista, ezagutzen ez duen hizkuntza baten menpe bizi da». Gerra Zibilean baserria utzi eta Altsasura bizitzera joan behar izan duen haur baten bizipenak kontatzen dira eleberrian.
Irati Goikoetxearen lana, berriz, Herriak ez du barkatuko eleberriaren itzulpena da: El pueblo no perdonará. «Iraganera eta etorkizunera begiratzen du, baina batez ere orainaldira. Liburu gordina da eta bizitzaren edertasunaren balioan jarri nahi du», azaldu du idazleak.