Euskadi Saria irabazi du Patxi Zubizarretak
'Zerria' lanarengatik eman diote saria, haur eta gazte literatura modalitatean. Irailean, Espainiako Haur eta Gazte Literatura Saria irabazi zuen lan berarengatik.
Patxi Zubizarreta Dorronsorok (Ordizia, 1964) Euskadi Saria irabazi du Zerria lanarengatik, haur eta gazte literatura modalitatean. Iazko apirilean argitaratu zuen liburua Erein argitaletxearekin, eta oihartzuna izan du lanak. Espainiako Haur eta Gazte Literatura Saria irabazi zuen irailean lan berarekin.
Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria banatzean, epaimahaiak lanaren “narrazio kalitate aparta eta ahalmen desafiatzailea, eta giza kondizioaren inguruan hausnartzen duten deskribapen hipnotizatzaileak” nabarmendu zituen, “kontzientzia, memoria eta oraina mugitzeko eta hunkitzeko gaitasuna” duen kontaketa goraipatuz.
Euskadi Sarira itzuliz, bosgarren aldiz eman diote Zubizarretari sari hori Haur eta Gazte literatura modalitatean. Aurretik Gizon izandako mutila, Pantaleon badoa, Xia Tenzinen bidaia miresgarria eta Korri, Kuru, Korri! liburuekin lortu zituen, eta Zerria gehitu zaio zerrendari.












