Biztanleria berreskuratu du Goierrik
69.826 biztanle ditu Goierrik. Azken bi urteetako joera irauli eta ia 500 lagun gehiago bizi dira eskualdean
69.826 lagunekoa da Goierriko biztanleria. Azken bi urteetako joera aldatu eta gora egin du populazioak; iaz baino ia 500 lagun gehiago bizi dira eskualdean. Herri gehienek irabazi dute populazioa.
Ordizia izan da gorakadarik handiena izan duen herria. Pasa den urtean baino 207 lagun gehiago bizi dira bertan. Beasainen eta Lazkaon ere hazi egin da biztanleria. Kontrako aldean daude Zumarraga, Urretxu eta Legazpi, hiruek galdu baituzte bizilagunak, txikiak izan badira ere aldaketak. Ataunek eta Zaldibiak 1.700 herritarren langa gainditu dute.
Zahar gehiago bizi da Goierrin haurrak eta nerabeak baino. 65 urtetik gorako mila biztanle gehiago daude 0 eta 19 urte bitarteko taldearekin alderaztuz gero. Dena dela, lan egiteko adina duen tartea da talderik populatuena.Hamar goierritarretatik seik 20 eta 64 urte bitartean du. Gizonezkoak apur bat gehiago dira emakumezkoak baino orokorrean, aldeak oso txikiak izan arren.
Eustatek atzo eguneratu zituen erroldak, urtarrilaren 1eko datarekin.