«Gure politika guztien ardatza pertsonen ongizatea izango da»
Gehiengo absolutuarekin irabazi zituen udal hauteskundeak EAJk Beasainen. Leire Artola Ugalde (Andoain, 1976) alkateak «emaitzak ikusita, hasitako proiektuei jarraikortasuna» emango die.
Leire Artola Ugalde Beasaingo alkatea. // Ariane Vierbücher Udal hauteskundeetara aurkezten zinen lehenengo aldia zen, eta gehiengo absolutua lortu zenuten.
Errespetu eta erantzukizun handiarekin aurkeztu nintzen, eta herritarrek jarraipena bozkatu zuten. Hauteskundeak iristear daudela ez duzu jakiten hasitako proiektuek bere bidea izango duten, baina emaitzak ikusita, jarraikortasuna emango diogu hasitakoari.
Abstentzioaren igoera nabarmena izan zen orokorrean. Beasainen kasuan, hamar puntu. Hori hausnartu duzue?
Ikusten dena da, herritarren parte handi batek ez duela hauteskundeetan parte hartzeko hautua. Beasainen kasuan gainera, herriko festetan geunden, baina tira, hori ez da arrazoia. Izan daiteke desafekzio bat… Ez dakit arrazoi zehatz bat ematen, baina bai, kezkatzen gaitu.
Kargua hartu zenuenetik ehun egun pasa dira. Zertan ari zarete buru-belarri lanean?
Gure politika guztien ardatza pertsonak izango dira, pertsonak erdigunean jarri eta haien ongizatea bermatzea. Horretarako hainbat ildo estrategiko ditugu: berdintasuna ezin dugu ahaztu, hizkuntza politika eta euskara ere ez, zeren euskarak egiten gaitu euskaldun eta euskaraz eman nahi dizkiegu erroak gazteei, baita kanpotik etorritakoei ere.
Gainontzean, nahigabeko bakardadea lantzen ari gara, eta gure legealdiko egitasmoan ardatza izango da gazteen nahigabeko bakardadea. Ohikoa egiten zaigu adinekoen bakardade egoerez hitz egitea.
Horiei bideratutako egitasmoak baditugu martxan Urbiberri zentroaren bidez, kirolaren eta aisialdiaren bidez ere… Baina erronka izango da gazteengana iristea, eta ez da erraza izango. Nahiz eta jendez inguratuta egon, kezkak partekatzeko bakarrik sentitzen diren haiengana heldu nahi dugu, besteak beste.
Eta belaunaldien arteko erlazioak sustatzea ere oso garrantzitsua iruditzen zaigu, elkarri erakusteko asko dugulako.
Berdintasunaren gaia aipatu duzula-eta, hauteskunde programan ez zenuten gai hori txertatu, zerbait nahiko deigarria dena. Martxoaren 8an ordea, bai erakutsi zenuten Emakumeen etxea sortzeko konpromisoa.
Kontua da bigarren berdintasun plana lanketan dagoela, Berdintasun kontseiluarekin, eta alderdi politiko guztiei ere aurkeztu zaigu, baina hor oraindik erabakiak hartzeko daude. Emakumeen etxea aipatzen da, baina oraindik ekintza horiek erabakitzeke daude.
Dena den, ez aipatzeagatik, ez eman daukana baino garrantzia gehiago. Berdintasuna gure egunerokoan dago eta kristalezko sabaiak ere gainditu beharra dauzkagu, eta hori da gure egunerokoa.
Trantsizio energetikoa da agintaldiko apustuetako bat. Nola dago Ekion energia komunitatea?
Dokumentu urbanistiko batzuen onarpenaren zain gaude. Berez, jendaurrean jarrita dago eta urbanistikoki lur zoru hori prestatu behar da, horrelako energia komunitate bat eraiki ahal izateko. Sasietako lurzoruetan eraikiko litzateke. Behin dokumentu urbanistiko hori onartuta, hurrengo izapideak jarriko genituzke martxan, eta espero dugu, urtebeteko epean-edo errealitate izatea, hau da, beasaindarrok energia garbia sortzen eta kontsumitzen egotea, printzipioz lerehun bat familiengana iritsiz.
Horrez gain, jasangarritasun ikuspegitik ere, udalak hainbat proiektu garatu ditu eta garatuko ditu. Plaka fotoboltaikoak jarri genituen iaz kiroldegiko sabaian eta, aurten, Loinatz futbol zelaiko harmailetako teilatuan jarriko ditugu. Horrela, udalak dituen behar energetikoak modu jasangarrian bermatzeko.
San Inazio eta Esteban Lasa kaleko berrantolaketa da beste proiektu garrantzitsuenetako bat, aurreko legealdian ere iragarri zenutena. Legealdi honetan bukatuta egongo da?
Gezurra dirudien arren, lur azpian dagoena nola dagoen jakiteak denbora asko eskatzen du. Obren hasiera 2024ean hastea aurreikusten dugu.
Olaran eraikinarekin, zer gertatuko da?
Guk ekonomiarekin eta talentuarekin lotu nahiko genuke, nahiz eta espazio horren handia izanda, erabilera anitzeko eta aisialdirako espazio ere egon daitekeen. Gaur egungo erronka bertan dugun talentua mantentzea eta kanpokoa erakartzea da. Olarani edukia emateko, lanketa egiten ari gara.
Etxebizitza. Nola dago gai hau?
Alokairuko etxebizitzak aurkitzea zaila da Beasainen, sustatzen saiatzen garena da, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko dirulaguntzak ematen. Eusko Jaurlaritzako hainbat alokairu programetan alokatuta dituzten etxe jabe horiei diru-laguntzak ematen, osagarriak izaten, merkaturatzea eragiteko. Baino errealitatea da alokairurako etxebizitza gutxi daudela. Horregatik politikak sustatu behar ditugu, gazteak hemen gera daitezen.
Orain HAPOa diseinatzen ari gara, eta hor, batetik, etxebizitzak birgaitzea sustatzea da helburu, eta bestetik, luzerako apustua dena, ADIFeko eremua izango litzatekeena, baina hori luze joango da. Ugartemendiko eremua ere hor dago.
Azken asteko informazioen arabera, Gipuzkoan bi herrik baino ez dute osatu amiantoaren mapa, horietako bat Olaberria da. Legez, urtea amaitu aurretik egin beharreko zerbait da. Nola dago gai hori?
Enpresa bat kontratatuta daukagu eta urrian aurretiazko inbentarioa aurkeztea aurreikusita dago. Udal eraikinak eta daukagun informaziotik, egindako ITEetatik, zein etxebizitzak amiantoa izan lezaketen ere jasoko du. Datozen bost urteetan egin beharreko ekintzak ere planifikatuko ditu.
Amiantoarekin jarraituz, CAF lantegian gertatutakoaz eta Osalanetik egin duten aitortzaz. Zer du esateko udalak?
Gure saiakerak izan dira bertako langileen osasuna bermatze aldera, komunikazioak izatea enpresako zuzendaritzarekin eta langileen batzordearekin. Ardura baino kezka daukagu. Urriaren 16an lanean hasiko dira, eta espero dugu, hasiera hori berme guztiekin egitea. Eta Osalanek agerraldian esan zuenez zerbaitek huts egin zuen. Hori horrela, zerk huts egin duen hausnartu beharko dute, berriro horrelakorik gerta ez dadin.
Segurtasunari dagokionez, Ertzaintzaren datuen arabera, Goierri izan zen lapurreta gehien izan zen eremua, 2022 urteko bigarren seihilekoan. Beasain bigarren postuan dago.
Ertzaintzarekin egin genuen bileran hori nabarmendu zuten. Lapurreta txikiak dira, baina herritar bezala egunerokoa oztopatzen dute. Kezkagarria da, eta horregatik udaltzaingoaren presentzia handiagoa da kalean. Dena den ez da egun batetik bestera aldatuko den zerbait.
Bukatzeko, zer egin izanaren sentsazioarekin amaitu nahiko zenuke legealdia?
Etorkizunari begira, ondorengoei begira, Beasain jasangarriago, irisgarriago eta atseginago bat egin nahiko nuke. Bizitzeko erakargarria, lan egiteko baldintzak emango dituena eta horrekin guztiarekin gure ongizateaz gozatzeko aukera emango diguna. Hori egin nahiko nuke.













