Zerainen emakumezkoen pilota bultzatuko dute
Ados Pilota Elkarteak Zerainen eskola ireki du. Neskatilei bideratutakoa da, Gipuzkoako era honetako lehenengoa. Astelehenean hasiko dira, Maite Ruiz de Larramendi beasaindarraren gidaritzapean. Goierriko herri ezberdinetako dozena bat haurrek baino gehiagok eman dute izena.
Astelehenean egin zituzten Ados Pilota elkarteko ate irekiak, Zerainen. Iera Agirre Iturriaga pilota elkarteko lehendakariordea da, eta jardunaldia “ondo” joan zela dio. Dozena bat haur inguratu ziren, eta hori gutxi ez balitz, telefonoz ere aritu ziren beste batzuekin, denak ezin izan baitzuten gerturatu egun eta ordu horretan. Leku askotako gaztetxoak inguratu ziren gainera: Ataun, Lazkao, Beasain, Idiazabal, Olaberria, Zumarraga… Elkarren artean “oso gustura” aritu ziten. Saioaren amaieran, gainera, denek esan zuten pilotan hasteko prest zeudela, eta astelehenean hasiko dira. Oraingoz 14 umek eman dute izena, eta ahoz aho mezua zabaltzen denean gehiago apuntatzea espero dute antolatzaileek. “Hasiera izateko gu oso gustura gaude jasotako erantzunarekin”, dio Agirrek. Bertaratutakoen artean, 8 urteko haurra zen gazteena, eta 15 urtekoa zaharrena. Normalean adin tarte horretako haurrekin egiten dute lan, 7 eta 15 artekoekin.
Ados Pilotak Nafarroako bi lekutan du lekua, eta 30 bat neskarekin aritzen dira lanean. Agirrek adierazi du, ordea, Gipuzkoatik deia jasotzen zutela bertan ere zerbait egiteko: “Jendea gustura etorriko litzatekeela esaten ziguten, eta dei horri erantzute aldera non kokatu begiratzen hasi ginen”. Instalakuntzak ziren elementu garrantzitsua, eta ez dela “erraza” izan adierazi du, baina Zerainekin egin zuten topo. Udalarekin harremanetan jarri, eta “ikaragarrizko harrera ona” jaso zutela kontatu du. “Ideia ona zela esan ziguten udaletik, eta elkarlanean erabaki genuen Zerainen geratzea”.
Ados Pilotaren helburu nagusiak neskak “inoiz pelotan jokatzeari ez uztea” da, haren ilusioa hori bada, behintzat. Agirre: “Normalean bakarrik sentitzen dira herri txikietakoak. Beste batzuk pilota eskola izaten dute herrian, baina adin batetik aurrera mutilekin ibili behar izaten dute, eta ez dira horren gustura sentitzen indarra hartzen hasten direlako. Nesken artean, azken finean, gusturago sentitzen dira, eta aukera eman nahi diegu. Adin batetik aurrera lotxagatik-edo utzi egiten dute, eta hau horren aurkako aukera bat da”.
Maite Ruiz de Larramendi beasaindarra da Goierriko pilota eskolaren arduraduna eta Ados Pilotako presidentea, eta Agirreren esanetan oso entrenamendu pertsonalizatuak dira harenak: “Ez da soilik pilotari ematea eta jokatzea; asko saiatzen da, eta gauza asko transmititzen ditu”.
Lehendakariordeak pilota probatzeko gomendatu du; nahi dutenean egin dezakete saiakera, eta probatu gabe erabakirik ez hartzeko dio: “Ikus dezala zer den eta nola den. Hasten direnean oso gustura egoten dira. Funtsean, emakumeen pilotak jauzi handia eman du eta ibilbide osoa egiteko aukera dute. Hori ikaragarria da. Guk gure garian utzi beharra izan genuen”.
Oraindik ez dakite izena emandako haurrek elkarrekin entrenatuko duten edo bi taldetan banatuko dituzten; aztertzen ari dira, eta astelehenetik aurrera ikusiko dute hori. Entrenamenduak, bestalde, astelehenetan izango dira, 17:00etatik 19:00 artean. Urte guztian zehar dute izena emateko aukera adospilota@gmail.com helbidean edo 646 66 41 30 telefonora deituta.