Galarragaren eleberri sakonena, gerrari buruz
Kristina Galarraga Zeberiok (Beasain, 1968) ‘Cartas a Maria’ eleberria aurkeztuko du urriaren 26an Igartza jauregian. 1936ko gerran kokatutako kontakizuna da; Euskal Herrian, Beasainen, zehazki.
Espainiako gerran kokatutako eleberria da Cartas a Maria, Kristina Galarraga Zeberio beasaindarraren zazpigarren argitalpena. Oraingo honetan, «gure historian oinarrituta» osatu du bosgarren eleberria duena. Datorren urriaren 26an liburuaren aurkezpena egingo du, Igartza jauregian, 18:00etan.
Idazleak «fikziozko pertsonaiak» erabili ditu «errealitate gordinenera» hurbiltzen den narrazio lan honetarako. Cartas a Maria Galagarraren bosgarren eleberrian, Maria eta bere aita, Manuel, dira protagonista nagusiak, eta 1936ko gerran, Euskal Herrian, Beasainen, kokatzen da. «Argitalpen honekin bizitza, askatasuna eta bakea aldarrikatu nahi ditut», azaldu du beasaindarrak. Istorioa tonu ezberdinetan deskribatzen dio irakurleari.
«1936ko uztailaren 27ko zorigaiztoko gauean, Beasainen, Salinas kapitainak Mariaren aita, Manuel, atxilotu zuen, Francoren erregimenaren aurkako alderdi errepublikarreko kide izatea egotzita. Ordutik aurrera, ihesean ibiliko da, Bilbora, Gernikara, non bonbardaketa jasango duen. Gainera, bidean lagun asko eta asko galduko ditu», eman ditu lehen zertzeladak idazleak. «Alabari idatzitako gutunak bizirik mantenduko dute Manuel». Eta hortxe utzi du, irakurleari gonbita luzatuz.
Liburua eskuragarri dago Beasaingo Ion Aramburu dendan, Dolarea hotelean eta Rubic argitaletxearen webgunean. Uztailean argitaratu zuen.
Zazpigarrena
Nahiz eta beti maite izan duen literatura, ziur asko ez zen horretara animatuko, bere seme zaharrena, Axier, ustekabean galdu izan ez balu. Literatura izan da Galagarrarentzat «babeslekua, salbamendua». Beasaindarrak bere seme maitearen bizitza ohoratzeko duen nahitik sortu zen Galarragaren lehen liburua. Una vida contigo (MP, 2018) Axierren bizitza kontatzen du eta oroitzapenen kutxa bat da autorearentzat. Harrera oso ona izan zuen.
Liburu hura idazle gisa ibilbide sendo baten bidearen hasiera izan zen. Istorio liluragarri eta inspiratzaileak kontatzen jarraitu zuen. Horrela, Retales de Vida (2019), Eleonora, la hija del bosque (Rubric, 2020), Izadi, un canto a la vida (Rubric, 2021), La mirada de Mikel (Rubic, 2021) paperean eta audio-liburu formatuan aurki daitekeena, eta Paula, la aviadora de las estrellas (Rubric, 2022) lanak sortu zituen. Gainera, 2022an, beste autore batzuekin 15 miradas al amor errelato laburren liburuan parte hartu zuen. Guztiak ezberdin baina, aldi berean, antzekoak; gozotasuna eta adeitasuna, maitasuna eta ulermena erakusten dituzte.