Asteburuan Goierrin zer?
Sagardo Astea Igartubeiti baserri-museoan, Ondarearen Europako Jardunaldiak han eta hemen, Zaldibiako Santa Fe jaietako bigarren asteburua... Ikus Goierriko agenda albiste barruan
Sagardo Aste bete-betean dira Ezkioko Igartubeiti baserri museoan. Kirikoketan bertako sagarrak zanpatuko dituzte eta dolarea martxan jarriko dute. Asteburuan, gainera, Amaia Ruiz de Galarretak eta Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldeak XVII. mendean bertan bizi izan zen Kortaberria familia antzeztuko dute, esperientzia osoagoa izateko.
Bisita gidatuak ere izango dira, han eta hemen. Bihar, esaterako Naturaren eta historiaren ondarean murgilduz bisitaren bigarren eta azken saioa egingo dute Ataunen; eta, etzi, Barandiaran museoa eta Sara etxea ezagutzeko aukera izango da; Legazpin, Mirandaola parkeko zuhaitzak ezagutzeko txangoa egingo dute.
Zaldibian Santa Fe jaietako bigarren eta azken asteburua ospatuko dute. Kuadrilla eguna izango da biharkoa. Igandean, Beasainen, aire libreko pintura lehiaketa jokatuko da goizean; arratsaldean, sari banaketa egingo dute eta lanak ikusgai jarriko dituzte. Haurrentzako eta helduentzako zinema eta antzerkia ere izango dira asteburuan.