Hamahiru lasterketa irabazi ondoren, aurre hartu diote Urrestarazuri
Hamahiru lasterketa jarraian irabazita, Euskal Herriko Mendi Duatloien 2023ko sailkapen orokorrean lehenengo postuan dago Josu Urrestarazu.
Josu Urrestarazuk (Idiazabal, 1994) mendi duatloiean hamahiru lasterketa irabazi ditu jarraian; baina amaitu da haren dabolada ona, azken asteburuetan aurre hartu baitiote. 2018an hasi zuen orain daraman bizitza estiloa, txirrindularitzan hasi zenean: “Txirrindularitzan urtetik urtera gorpuzkera bat lantzen joaten gara, kardio bat bermatzen, eta iristen da puntu bat non gorputza ere horrenbeste esfortzurekin adaptazio bat lortzen joaten den, eta ondorioz emaitza batzuk lortzen hasten gara. Baina ez da gauetik goizera lortzen den zerbait”. Kanpotik begiratuta gauzak erraz lortzen direla dirudiela dio, baina, bizitza guztiko bidea dela gehitu du Urrestarazuk.
Iraileko azken asteburuan hartu zioten aurre korrikalariari, azken bi lasterketak ez baititu irabazi. Galdu zuen batean lehenengo postuan zioan, baina txirrinduaren katea apurtu zitzaion eta metara lehenengotik 20 minutura iritsi zen. 13 lasterketa irabazi ondoren, barneratzeko arraroa izan zela dio podiumetik jaistea: “Hasieratik helmugara lehenengo joatera ohitura, bat batean indar falta sentitzea edo errendimendu optimo hori ez ematea arraro sentitzen da, baina ez irabaztea normaltzat hartu behar da. Normala ez dena da dena irabaztea”.
Euskal Herriko Mendi Duatloien 2023ko sailkapen orokorrean lehenengo postuan dago Urrestarazu. Oraintxe bertan bere helburua ez da irabaztea edo denbora jakin batzuk lortzea, eta presioa norberak bere buruari jartzen dio zerbait dela dio. Motibazio iturri “polit” bat direla dio lasterketak, baina, orain, bere helburua konstantzia bat mantentzea dela dio. “Lehenengo planoan konstantzia mantentzea, ondo sentitzea eta osasunari begiratzea daude. Nire atzoko bertsioa begiratu eta hobea izatea da helburua”.
Bizitza estilo bat bihurtu da Urrestarazurentzat kirola, urteak dituen 365 egunetatik 360 egunetan entrenatzen baitu. Hala ere, ikusi du egun batean kirolik egiten ez badu ez dela “ezer” gertatzen, baina sumatu du denbora librean eta konstantzia helburu izanda, ohitura dela egunerokotasunean kirola egitea.
Aurrera begira Behobia – Donosti da bere hurrengo helburua, azaroaren 12an izango dena, eta horretarako asfaltoa, ordeka eta seriek ari da entrenatzen. Lehiaketei dagokienez, bost geratzen zaizkio: Mendi Duatloien kasuan Amasakoa, Aiakoa eta Adunakoa, eta asfaltoan beste bi. Horiek Donostiako Klasikoa eta Lasarte – Oriako krosa dira. Amestutako lasterketak ere egin ditu, gainera, Urrestarazuk: “Aurten buruan Zegama Aizkorri nuen, eta burutu nuen. Zorteduna naiz alde horretatik”.
2012an ezagutu zuen Urrestarazuk duatloia, Arriaranen, eta hori izan zen egin zuen lehenengoa. Gero, Lizarran (Nafarroa) atera zen, Euskal Herriko Txapelketan. 2017. urtera arte, ordea ez zuen gehiago korritu. Urte horretan utzi zuen txirrindularitza.
Duatloiak, beherantz
Urrestarazu duatloietan dagoeneko aditua dela esan daiteke, eta azkenaldian duatloietako parte hartzaile kopurua jaisten ari dela sumatu du: “Herri bakoitzak bere lasterketa izan nahi du, eta astebururo 10-13 lasterketa antolatzen dira Euskal Herrian. Dispertsio handia geratzen da, eta pena da, karrera txikiak galtzen eta handiak sendotzen ari baitira”.
Horretaz gain, aldarrikapen bat ere egin du idiazabaldarrak: “Emakumeen nolabaiteko ausardia falta da. Barrera mentalak kendu behar ditugu, eta lasai asko lehenengo, bigarren edo azkena amaitzeagatik ere, parte hartzea, ondo pasatzea eta lagunekin ospakizun polit batetaz gozatzea falta da. Lasterketa egin, bazkari on bat bota, kontu batzuk esan eta eguna oso pasatzea”.