Ordiziak 27-23 irabazi dio Urolari
Oso partida borrokatua izan da, baina azkenean urdinentzat izan dira puntuak. Legazpiko La Sallek irabazi egin du Elgoibarren.

Ordizia eskubaloi taldeak 27-23 irabazi dio Urolari, Majorin gaur arratsaldean. Lehia handia izan da partida osoan zehar, biek ala biek izan dituzte irabazteko aukerak, baina ordiziarrak markagailuan aurretik mantentzea lortu dute azkenera arte.
Lehenengo zatia oso parekatua izan da. Bi taldeek, aukerak ondo aprobetxatu dituzte. Atsedenera, bi gora, Ordizia aurretik iritsi da.
Bigarren zatian, abantaila handitzea lortu dute ordiziarrek baina momentu batzuetan erritmoa galdu dute, eta zumarragarrek abantaila ateratzen asmatu dute, markagailuko errenta puntu bakar batera jaitsi dutelarik partida amaitzeko zazpi minuturen faltan zeudela. Baina etxekoek ere erakutsi dute goierritarren arteko derbia irabazteko asmoa. Erasoan indartsu, beste lau tanto sartzea lortu dituzte hiru minutuan. Urolak, berriz, baloi bakar bat gehiago sartu du sareraino. 60. minutuan, 27-23 ordiziarren alde.

Partida amaieran, bi taldeetako jokalariak elkar agurtzen.
Erreakzioak
Iñaki Larrea Urola taldeko entrenatzaileak partida amaitu bezain pronto aitortu du “baja garrantzitsuak” izan dituztela, ordezkoek “agindutakoa bete” dutela, baina “gehiegi barkatu” dutela. “Gol aukera garrantzitsuak galdu ditugu, hainbat akats egin ditugu eta Ordiziaren aurka garesti ateratzen dira horrelakoak”. Bigarren zatiaren erdialdean markagailua iraultzeko gutxi falta izan zaie, baina Ordiziak ez du barkatu, eta garaipena eskuratzetik egonda, “penaz gehiago ez egin izanagatik”. Ordiziarrak egin duten jokoagatik eta garaipenagatik “zoriondu” ditu Larreak. Ispilla kiroldegian, itzuliko partidan “garaipena lortzeko jokatuko dugu”.
Marina Etxeberria Ordizia taldeko entrenatzaileak “oso partida gogorra aurreikusten” zuen, Urola “beti da talde zaila, ez dutelako ezer galdutzat ematen. Pasa den denboraldian sailkapen taulan goiko postuetan ibili zen eta maila handiko 14 jokalari dituzte, beraz, sufritzea tokatuko zela”. Partidaren analisia eginez esan du lehenengo zatian “lasaitasuna mantentzea lortu dugu, korrika egin dugu baina buruarekin eta partida dominatu dugu”. Bigarren zatian “hasiera defentsan oso ondo egon gara, markagailuan ere errenta handitzea lortu dugu eta nahiz eta amaiera aldera pixka bat sufritu dugun garaipena etxean geratu da”.
Iñigo Arregi Ordizia taldeko jokalariaren esanetan “espero bezala Urolaren kontra beti da partida zaila, oso talde gogorra da, gaztea baina oso ondo ezagutzen dira, eskubaloian jokatzen oso trebeak dira, horregatik, partidaren erritmoan asko nabaritu dugu, 60 minutuetan zehar kontzentrazio maila %100 mantentzera behartzen zaituztelako, eta ikusi den bezala, pixka bat behera egitean, errenta pixka bat badaukazu jan egiten dizute”. Izerdia botata baina azkenean puntuak etxean geratu dira eta “oso pozik” zegoen Arregi.
Datorren asteburuan, Legazpiko La Salleren aurka jokatuko du Ordiziak, eta Urolak, Donibane taldearen aurka jokatuko du. Aipatu ere, legazpiarrek garaipena lortu dutela gaur Elgoibarren (17-33).