Eraiki dezagun Legazpi, hurrengo urteko udal aurrekontuak osatzen laguntzeko gonbidapena
Udal ordezkariek sei bilera egingo dituzte legazpiarrekin, beste hainbeste gunetan. Herritarren kezkak eta iradokizunak jasotzea da helburua.
Legazpiko Udalak Eraiki dezagun Legazpi ekimena jarri du martxan, 2024ko aurrekontuak zehazten laguntzeko gonbidapena luzatuz herritarrei. Ekimen horren barruan, alkateak eta zinegotziek hainbat bilera egingo dituzte herriko auzoetan, legazpiarren iritziak eta premiak ezagutzeko eta ekarpenak jasotzeko helburuz.
“Legazpiarron iritzia ezagutu, eta hura kontuan hartuko dugu” diote udal gobernu taldeko kideek, eta horretarako sei bilera prestatu dituzte guztira. Lehena hurrengo asteazkenean, hilak 18, egingo dute, Laubideko kale nagusian. Inguruko auzotarrei zuzenduta, 17:00etatik 19.00etara izango da. Hurrengo hitzordua ostiralean izango, hilak 20, Azokan, 10:30etik 12:30era.
San Inazioren txanda izango da hurrengoa, eta hango eskola zaharrean egingo dute bilera hilaren 23an, astelehena, 17:00etatik 19:00etara. Brinkolako eta Telleriarteko bizilagunei, berriz, hilaren 26rako, osteguna, egin diete deialdia, Telleriarteko plazan, 10:30etik 12:30era. Aizkorri kalean izango da hurrengo bilera hilaren 27an, ostirala, 10:30etik 12:30era. Eta amaitzeko, Kale Nagusian egingo da bilkura, hilaren 30ean, astelehena, 17:00etatik 19:00etara.
Bilera horietara joan ezin direnek ere izango dute parte hartzeko aukera eta udalari kezkak, iradokizunak eta beste helarazteko modua. Horretarako, partehartu@legazpi.eus posta elektronikora mezu bat idatzi beharko dute.
Posta elektronikoz zein aurrez aurreko bileretan jasotako informazio guztia aztertuko dutela azpimarratu dute udal agintariek, eta herritar guztiei erantzun bat emango zaiela ere bai, azaroaren 2tik abenduaren 10era bitartean. Proposamen guztiak zerrendatu egingo dituzte eta udalaren www.legazpi.eus webgunean argitaratu. Gauzatu daitezkeen proposamen horien jarraipena egiteko aukera ere izango da bertan, datorren urteko urtarrilaren 10etik aurrera.
Herritarrak protagonista
Eraiki dezagun ekimenarekin, herritarrak protagonista bihurtu nahi ditu udalak. “Prozesu honetan herritarrak izango dira erdigunean, eta oraingoan konpromisoak beste dimentsio bat hartzen du, baita erantzukizunak ere. Metodologia edo prozesu honi, herritarrek ematen diote zentzua, beraiek izango baitira etorkizuneko erronka horien hartzaileak edo onuradunak”. Horregatik “funtsezkoa” izango da herritarrek haiek proposamenak udalari helaraztea eta “bi aldeen artean komunikazio egoki bat bermatzea”.
Herritarren parte hartzea eskertzeko, Ilinti merkatari elkarteko dendetan gastatzeko 100 euroko bost txartel zozkatuko ditzute iradokizunen bat helarazi duten guztien artean. Zozketa urtarrilaren 8an egingo dute, astelehenean.