Familian euskaraz jolasteko festa antolatu dute larunbaterako Legazpin
Ostegunean amaituko da izenak emateko epea. Plazan ospatuko da festa arratsaldean, Azoka inguruan, Sorgintxulo aisialdi taldeak gidatuta.
Euskal jolasen festaren 17. edizioa larunbatean, hilak 21, ospatuko da Euskal Herria plazan, 17:00etatik aurrera. Sorgintxulo aisialdi elkarteko begiraleek gidatuko dute festa. Bertan, 4 urtetik Lehen Hezkuntzako 4. mailara bitarteko haurrek eta haien gurasoek, aitona-amonek, osaba-izebek, zaintzaileek… har dezakete parte. Ordu bete pasatxo iraungo duen ekintza izango da, eta euskal jolasak eta abestiak ikasi ondoren, praktikan jarriko dituzte.
Euskal Jolasen Festan parte hartzeko izena eman behar da, eta osteguna, hilak 19, da horretarako azken eguna. Udalaren www.legazpi.eus webgunean eman behar da izena. Haurrek bakarrik ezingo dute izenik eman, pertsona heldu baten ardurapean egon behar dutelako.
Legazpiko Udaleko Gazteria, Euskara eta Hezkuntza zerbitzuek antolatzen duten Haur eta gaztetxoen aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko programaren barruan kokatzen da ekintza hau.