Ordizia Orain-ek ordenantza fiskalen onarpenaren inguruko jarrera azaldu du
Abstentzio bat eta kontrako boto bat eman zien Ordizia Orainek aurreko astean onartutako 2024rako ordenantza fiskalei. Aurkako botoa "zerbitzu publiko bakoitzaren benetako kostuari buruzko informazioan dagoen gardentasun falta iraunkorrean oinarritzen" dela zehaztu du.
Ordizia Orainek hedabideetara zabaldutako ohar batean ordenantza fiskalen onarpenaren inguruan izandako jarrera azaldu du. Aurreko astean onartu zituen udalbatzak 2024rako ordenantza fiskalak, EH Bilduren eta EAJren aldeko bozkekin, Ordizia Orainen abstentzio eta kontrako bozka banarekin eta PSE-EEren kontrako bozkarekin.
Taldeak azaldu duenez, Ordizia Orainen aurkako bozka “zerbitzu publiko bakoitzaren benetako kostuari buruzko informazioan dagoen gardentasun falta iraunkorrean oinarritzen” da. Datu horiek eskuratzeko ezintasuna agertu dute: “Ez digute eskatzen dugun informazioa eman. Argitasunik ezak nabarmen oztopatzen du herritarren mesedetan erabaki informatuak hartzeko dugun gaitasuna”. Tasak eta prezio publikoak kalkulatu ahal izateko, “funtsezkotzat” jo dute “ulertzea zein den zerbitzu publikoen benetako kostua”.
Ordizia Orainen asmoa da “herritar guztiek zerbitzu publikoak erabil ditzaten sustatzea, doan edo diru-sarreren arabera, Gizarte Ongizateko Sailaren mende egon beharrik gabe ordaindu beharreko zenbatekoa zehazteko”. Hori izan da taldearen proposamena, baina “tamalez” ez da onartu. Diru-sarreretan oinarritutako tasa progresiboak ezartzeak “lan karga handituko” lukeela aitortu dute, baina “emaitzek egin beharreko ahalegina justifikatuko lukeela” irizten dute. Datu bilketa kudeatzeko langile espezializatuak kontratatzea proposatu zuten, baina “ez zen aintzat hartu”.
Haur eskoletako tasa progresiboa
Haurreskolan tasa progresiboa duen ordenantza fiskala ezartzea proposatu zuen duela urtebete Ordizia Orainek. Horri esker, diru-sarrerarik ez zuten eta 15.000 eurorainoko diru-sarrerak zituzten pertsonek doan eskuratu ahal izan zuten zerbitzua. Kopuru horretatik aurrera, hilean 80 euroko tasa aplikatuko litzateke, eta gora egingo luke progresiboki. Taldearen esanetan, baina, “ustekabeko aldaketa batean eta borondate faltagatik”, ordenantza hori aldatu egin zen osoko bilkuran. “Gure kontrako botoekin egin zen, eta horren ordez, egun indarrean dagoen hobari-sistema ezarri zen. Leialtasun falta hori ez da onargarria, eta uste dugu funtsezkoa dela akordioak egonkorrak eta errespetatuak izango diren konfiantzazko gune bat eraikitzeko lan egitea”.
Tartekako hobari-sistemak “nahi ez den eragina sortzen du” Ordizia Orainentzat, “batez ere errenta baxuetan”. Diotenez, sistema horrekin diru-sarreretan zentimo bakarreko aldea badago, pertsona batek %90eko hobaria izango du eta beste batek %75ekoa. “Tasa eta prezio publiko progresiboak aplikatzea” dute helburu, baina “progresibitatea aplikatu ezin bada datu ezagatik ezin delako kalkulatu, gutxienez hobarien progresibitatea kalkulatu ahal izatea” nahi dute.
Tasen %5eko igoera “arrazoizko puntutzat” hartu dute, baina ez daude prest hondakinen bilketaren tasan %3ko igoera gehigarria babesteko, Sasietako Mankomunitatearen kudeaketarengatik. “Egoera horren arrazoia da GHKk eta, ondorioz, Sasietako Mankomunitateak ez dutela behar bezala kudeatzen hondakinen politika. Kudeaketa hori salatu izan dugu eta behin baino gehiagotan aldatzeko eskatzen ari gara. Herritarrak prezio handiagoarekin zigortu beharrean, Ordizian udal-kudeaketako hondakin organikoen konpostaje- edo deshidratazio-planta bat eraikitzea proposatzen dugu, eta, epe luzera, printzipio honetan oinarritutako tarifa-sistema bat ezartzea, hau da, hondakin gehien sortzen duenak, gehiago ordaintzen du”, zehaztu dute.
Hori guztia adierazita, aitortu dute “hobari-sistema aurrerapauso esanguratsua” dela “baliabide gutxien dituztenek gutxiago ordaintzen duten sistemarantz”, baina uste dute “ez dela nahikoa zerga-sistemaren ekitateari erabat heltzeko”.
“Pozik gaude aurrerapen hori lortu dugulako; izan ere, Haurreskolak ordiziar guztiei zerbitzua irekitzeko prozesuaren parte izan ez bagina, hobarien sistema ezartzea ere ez zen planteatuko. Gaur egun, ahalegin horiei esker, badirudi baliabide oso baxuko sei familiak, gutxienez, eskuratu ahal izan dutela udal-zerbitzu publiko hori. Haurreskola hor baitago zerbitzu publiko bat emateko, berriro diogu. Oztopo ugari izan ditugun arren eta gure proposamenei behin eta berriz uko egin bazaie ere, gure konpromiso irmoari eusten diogu. Ordiziako herritar guztiei mesede egingo dien zerga-sistema justu eta bidezko baten alde lanean jarraituko dugu, nekaezin. Gure determinazioak bere horretan dirau, eta ahalegintzen jarraituko dugu aldaketa esanguratsu bat lortzen, premia nagusi bat delako”, amaitu dute.