Diru sarreren araberako hobari taula izango dute udal tasek
2024 ekitaldiko ordenantza fiskalak onartu ditu udalbatzak, EH Bilduren eta EAJren aldeko bozkekin. Elkarrekin Podemosek kontrako bozka eta abstentzio bana eman ditu, eta PSE-EEk kontra bozkatu du. Ordenantza fiskaletan "progresibitatea lortzea" du helburu udalak.
Diru sarreren araberako hobari taula izango dute udal tasek 2024ko ekitaldian. Eskaerak egin ahalko dituzte herritarrek hobari horiek jasotzeko. Ordenantza fiskalen %5eko igoera orokorra izango da, eta hondakinetan %8koa. Atzo egindako ez-ohiko batzarrean onartu zuen udalbatzak 2024rako ordenantza fiskala, EH Bilduren eta EAJren aldeko bozkekin. Elkarrekin Podemosek aldeko bozka eta abstentzio bana eman zituen, eta PSE-EEk kontra bozkatu zuen.
2020an %0,7 igo ziren ordenantza fiskalak orokorrean, eta hondakinak %5 igo ziren. 2021ean, berriz, izoztuta geratu ziren, eta 2022an %1,5eko igoera izan zuten. Aurtengo ekitaldian, 2023an, izoztu egin ziren, hondakinen salbuespenarekin. Horiek %5 igo ziren.
Epe horretan “%3,1eko bilakaera izan” dutela azaldu du udalak. KPIa 2019ko uztailetik aurtengo uztailera %16 igo dela kontuan izanik, eta “Ordiziako errealitatean Goierriko herri handienekin alderatuta bi muturrak ikus daitezkeela” kontuan izanik, “Ordizia justu bat lortzeko” lanketaren barruan kokatzen du udalak hobari taula berria. “Horregatik planteatzen dugu hobari sistema jasotzen duen taula, non bakoitzaren diru sarreren arabera hobari bat edo beste aplikatuko den”, adierazi du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak.
Hondakinetan, etxebizitza eta jarduera gabeko lokaletan, euro bat igoko da hilabetero kuota hobariak aplikatu gabe. Ibilgailuen kasuan, potentzia eta ibilgailu motaren arabera izango da. Adibidez, potentzia baxuen duten ibilgailuetan, bi euro baino gutxiagoko igoera izango da. Ondasun Higiezinei dagokienez, urtean 5 eurotik 35 eurorako igoera izango dute, etxebizitzaren katastro balioaren arabera.
Progresibitatea helburu
Ezenarrok azaldu duenez, “progresibitatea lortzea” dute helburu diru-sarreren araberako ordainketak ahalbidetuta. “Gaur gaurkoz, hori hobari sistema baten bidez burutu dezakegu soilik, zuzenean norberaren errentaren araberako zergak eta tasak jartzea ez dutelako ahalbidetzen indarrean dauden foru arauek”.
Hala, ordenantza fiskal berria onartuta, “udal tasa eta prezio publikoetan diru sarreren arabera ordaintzea ahalbidetuko duen hobari taula” berria osatu du udalak. Oinarria lanbide arteko gutxieneko soldata izango da kalkulurako (%10eko igoerarekin), eta bizikidetza unitateko kide kopuruaren arabera oinarri hori handituko da.
Sistema hori bera Majori kiroldegian eta gainerako zerbitzuetan aplikatzen joatea da asmoa.
PSE-EEk “igoera salatu” du
Ordiziako PSE-EEk ordenantza fiskalen “igoera salatzeko” oharra bidali du hedabideetara. Ana Sanchez alderdiko ordezkariaren esanetan, “egoera ekonomikoa kezkagarriegia” da “ordiziarrei beste karga bat gehitzeko”. “Justifikaziorik gabeko igoera bat da, eta lortuko duen gauza bakarra da familien ekonomiak itotzea”, esan du.












