Xingola arrosa jarri dute Legazpiko udaletxeko balkoian
Urriaren 19aren inguruan Katxalin elkartea burutzen ari den sentsibilizazio kanpainarekin bat egin du horrela udalak, bularreko minbizia dutenei edo izan dutenei ikusgarritasuna emaneko helburuz. Udaletxeko fatxada arrosa kolorez argiztatuko dute aste osoan zehar.
Legazpiko Udalak bat egin du aurten ere urriaren 19ko bularreko minbiziaren aurkako egunarekin, eta Katxalin elkarteak egindako eskaerari jarraituz, arrosa kolorez argiztatuko du udaletxeko fatxada aste osoan zehar.
Gaur eguerdian, gainera, bularreko minbiziaren aurkako borrokaren ikur den xingola arrosa zintzilikatu dute balkoian, Katxalin elkarteko herriko kideen eta Josu Santurde zinegotziaren laguntzarekin.
Udalak ez ezik, Legazpin hainbat komertziok ere jarri dituzte xingola arrosak erakusleihoetan,. Katxalinek herritar guztiei luzatu die eskaera egun hauetan arrosa kolorez janzteko eta etxeko leihoak eta balkoiak ere kolore horrekin apaintzeko.