Aldaketekin eta beldurraren osagaia erantsita antzeztuko dute Ataunen Jentilen Etorrera
Larunbatean izango da Jentilen Etorrera antzezpena. Ongietorria plazan eta desfilea egin, eta Auzoetan bi saio egingo dituzte 150 bat ataundarrek.
Jentilen Etorrerak zenbait aldaketa eta berritasun izango ditu, aurten. 1981etik egiten den bi urtean behingo ikuskizun honek, aldiro eskaintzen du zerbait berria. Larunbatean, urriak 21, egingo dituzte bi emanaldi Jentilbaratza kultur elkartekoek, guztira 150 bat ataundar oholtzaratuta.
Antzerkiaren edukia aurreratu ezin den arren, hasiera desberdina izango duela aurreratu dute. Ohiko pregoilariaren eta herritarren nahiz jentilen aurkezpenaren ordez, modu bereziagoan hasiko da antzerkia. Kondaira bat antzeztuko dute, eta hori Ataunen jasotako ipuin batzuekin osatuko dute.
Beldurraren osagaia izango da beste nobedade bat. Orain arte eszena beldurgarriak saihestu badituzte, aurten, lehenengo aldiz, “izaki berezi samar batzuk” agertuko dira. Sekula oholtza gainean agertu ez diren pertsonaia mitologikoak dira. “Ume batzuek beldurra” pasatuko dutela aurreratu zuten Mitoaldiaren aurkezpenean –egitarau horretako azken ekitaldia izango da Jentilen Etorrera–.
Ongietorria eta desfilea aurrena
Lehen zatia San Martingo plazan izango da, publiko guztiarentzat irekia, 19:15ean hasita. Eguzkia ezkutatzen denean, jentilak menditik behera zuzien argitan jaitsiko dira, lamiak errekatik gora eta sorginak edonondik. Torto, Basajauna, zezengorriak, Sugar, Iraunsuge, Ilargi… Herrian, alkatea, erretorea, medikua, eskribaua, Sanmartin Txiki eta herritarrak edukiko dituzte zain. “Alde bakoitzak bereari eutsi nahi, baina denak elkarren beharrean. Denak ataundar”, dio sinopsiak.
Ongietorria egin, eta jarraian desfilean joango dira guztiak –aktore eta ikusle– Auzoeta kiroldegiraino.
Bi emanaldi izango dira. 20:00etan aurrenekoa, eta 22:00etan bigarrena. Lehen txandako sarrerak berehala agortu ziren, bi orduan. Bigarrenerako badaude batzuk, baina gutxi geratzen dira; jentilbaratza.eus webgunean egin behar da erreserba. Doan da. Denera, 1.300 bat ikusle sartu ahalko dira Auzoeta kiroldegian.
Antzezpenean, adin askotako herritarrek jokatuko dituzte pertsonaien paperak. Oso gazteak ere bai, 9 urtekoak tartean, aktore harrobi ere badela frogatuz, beste behin.