Eboluzio motel baten emaitza
Abiapuntua 1999an duen proiektu baten bilakaeraren emaitza da Ordiziarrock jaialdia. 2003an egin zuten lehena. Hasierako helburua entsegu lokalak lortzea izan zen. Ostegunean hasiko da hogeigarrena.
Ia urteroko hitzordua bilakatu da urrian Ordiziarrock jaialdia inguruko musika zaleentzat. Doako jaialdiaren atzean, urtez urte eta urte osoan zehar egindako lana dago. Egin beharrekoak garaiaren arabera egokitu dituzte, eta 2003tik ez du etenik izan. Hogeigarren edizioa izango denaren atarian, jaialdiaren eta antolakuntzaren errepasoa egin dute Urko Ruiz de Apodaka eta Jon Lekuona ‘Leku’ antolakuntzako kideek.
1999an dauka abiapuntua Ordiziarrock-ek. Urte hartan, Ordiziako gaztetxeko hainbat musikari gazte elkartu ziren, ekimen ezberdinen bidez entsegu lokalak lortzeko helburuarekin. Ordiziako Trobadore Alaiak izeneko elkartea sortu zuten hala, eta elkarte bezala egin zuten lehen ekintza Adierazteko Gogoak diskoaren argitalpena izan zen. Goierriko 14 talderen abestiak bildu zituzten diskoan. Dinamika horrekin, lehenengo jaialdia egin zuten 2003an. Diskoko abestiak kontzertu formatuan plazaratu zituzten.
2010ean «inflexio puntua» izan zen, Ruiz de Apodakak azaldu duenez: «Rockaz aparte, beste musika mota ezberdinak sartzen hasi ginen, ailegatzen ez ginen leku horietara iristeko». Bide beretik, hurrengo urteetan irisgarritasuna, berdintasuna eta aniztasuna lortzeko neurriei eman zieten garrantzia. Besteak beste, gorrentzat egokitutako emanaldiak eskaintzen hasi ziren eta eraso sexisten aurkako kurtsoak jaso zituzten antolatzaileek berdintasun batzordearekin eskutik.
2013an, 10 urte beranduago, hasieran ezarritako helburua lortu zuten. Ordiziako Udalak bertako taldeentzako entsegu lokalak prestatu zituen Majori Kiroldegian.
Beste hainbat ekintza
Urtero antolatu dute jaialdia, etenik gabe. Pandemia garaian ere, 2020an, egin zuten, egokituta. «Horrekin ikusi genuen egokitzeko gaitasuna dugula, eta txukun egin genuen lan». Ordiziarrock jaialdiaz aparte, beste hainbat ekitaldi antolatzen ditu Ordiziarrock-eko lan taldeak: After Sun eguzki izpiekin sortutako energia erabiliz egindako jaialdia, Baserri Ta Rock Oiangu Baserriko jaialdia edota D’elikatuzen antolatzen dituzten emanaldi sortak. Edozein ekitaldirako ere deitzen dituzte, laguntzeko zein antolatzeko. «Elkarlana» da gakoa Ruiz de Apodakaren hitzetan.
«Musika mota ezberdinak sartzen hasi ginen ailegatzen ez ginenera iristeko»
Urko Ruiz de Apodaka«Bilakaeran debateak, gorabeherak, norabide aldaketak… denetarik egon da»
Jon Lekuona ‘Leku’
Helburu berriak
Hasierako helburuak beteta, garaiaren araberako helburuak eta ideiak ezarri dituzte. Gaur egungo helburuetako batzuk dira «kultur eszena potentea eratzea» eta bailarako musika eszenan «erreferenteak izatea». Azken 20 urteetako balorazioa «oso ona» izan dela diote, nahiz eta «eboluzioa motela» izan den. Era berean, «moteltasun horrek eman dio errotzea» jaialdiari. Elkarlanean, berrikuntzan eta espezializazioan oinarritutako prozesua izan da antolatzaileen hitzetan, eta ezinezkoa litzateke «lan taldearen ilusio eta jakituriagatik» ez balitz. Lekuk zehaztu du «maratoi bat» izan dela, horrek dakarrenarekin: «Bilakaera horretan debateak, gora-beherak, norabide eta ideia aldaketak…denetarik egon da».
Oinarriak
Orain ia 20 laguneko lan taldea osatzen dute eta «talde kohesionatua» dute. Lanean segitzen dute «herritik eta herriarentzako aberasgarriak eta beharrezkoak» diren ekitaldiak antolatzeko, «berdintasuna, irisgarritasuna, euskara, aniztasuna eta berrikuntza lehen lerroan jarriz».
Kartel puska osatu dute XX. Ordiziarrock jaialdirako, bertako zein kanpoko artista edo taldeekin. Ostegunean, Pello Ramirezen eta Nacho Sotoren kontzertua izango da D’elikatuzen. Kontzertu intimoagoak izan ohi dira D’elikatuzekoak. Ostiralekoak eta larunbatekoak, aldiz, frontoian izango dira, ohi bezala, zaratatsuagoak. Jendez beteko da kanpoko frontoia rock, punk edo rap doinuekin gozatzeko. Ezusteko bat izan dute, baina. Ostiraleko kartela aldatu egin behar izan du antolakuntzak, azken momentuan. Delirium Tremens zen kartel burua, baina Andoni Basterretxea abeslari eta gitarra jotzaileak eskuan min hartu du eta bertan behera geratu da. Horren ordez, Piperrak 90. hamarkadako talde mitikoaren doinuek astinduko dute jaialdia. Ostiraleko kartela Ginger, Bake Faltsua taldeek eta Balins Rock & Roll DJ-k osatzen dute. Larunbatean, berriz, Belako, Kerobia, Balloon Frame eta N-Lezz-en musikak jarriko dute hankaz gora frontoia.