«Herritarrentzat herri erosoago bat egitea da gure lehentasuna»
Bigarren aldiz da Ezkioko alkate Joseba Telleria Zubeldia (Ezkio, 1974). Ezkio Eraikiz alderdiko buru da, eta «herri erosoago bat egitea eta herria antolatzea» dira agintaldi berriko helburu nagusietako batzuk.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/10/joseba-telleria-ezkio-1200x1143.jpg)
Bigarren agintaldia duzu.
Bai. Lehenengoan zinegotzi bezala hasi nintzen, baina agintaldi erdian alkatetzara pasa nintzen.
AHTaren kontua. Nola doa? Ezer berririk badakizue?
Ez, egia esan ez. Prentsan zabaltzen denaz harago ez. Fundazioak baimenak eta eskaerak bidali zituen, eta guri notifikazioa iritsi zitzaigun. Jabeei iristen zaizkie baimenak eta bestelakoak; guri soilik notifikazioa. Informazioa eskatzen dugu, baina ez dakigu asko. Politikariei galdetuz gero ere, ez dakite erantzuten.
Bidesaria jarri dutela eta, pasatzen den auto kopuru aldetik aldaketarik nabaritu duzue?
Bai. Bidesaria jarri eta lehenengo bi hilabetetan asko nabaritu zen aldea, ikaragarri. Bagenuen beldur bat, eta egi bihurtu da hura. Hala ere trafiko bat geratu egin da; ez da hasieran bezainbeste baina lehen baino trafiko gehiago dago. Itxuraz, gainera, betirako izango da trafiko hau. Hemen inguruan lan egiten dutenak presaka badabiltza autobiatik joaten dira, baina ateratzean presarik ez badute hemendik, zaharretik joaten dira. Kaltea ekarri digu bidesariak.
Alkate zarenetik ia 100 egun pasa dira. Udalaren lantaldetik, zein dira zuen lehentasunak?
Herritarrei herri erosoago bat egitea da lehentasuna. Badakizu; hemendik inguruko herri handietara joateko joera handia dago, eta dena saihestu ezin badugu ere herritarrentzat ahalik eta herri erosoena egitea da helburua. Gizarte zerbitzuak landu nahi ditugu adineko jendeari laguntzeko. Kanpora joateko premiarik ez izateko eta herrian zahartzeko moduko zerbitzuak izan ditzagun nahi dugu. Gimnasioa, esaterako, martxan jarri genuen lehengo legealdiaren amaieran, eta gaztelekua ere badugu, baina horiek asentatu nahi ditugu. Ikastaroak ere ematen ditugu; tai ji eta horrelakoak urtero eskaintzen ditugu, baina horiei garrantzia gehiago eman nahi diegu herritarrentzat herri eroso bat izan dadin.
Espazio publiko aldetik, nola ikusten duzue herria?
Tira, ez dago komertziorik. Ostatuak ditugu, eta batek denda txiki bat dauka, baina erosketa mailan Ormaiztegi edo Zumarraga aldera jo behar dugu. Gure joerak horiek izan dira beti. Ormaiztegi eta Beasaina joaten dira batzuk; besteak, Zumarraga eta Urretxura. Errealista izanda oso zaila da herri txiki batean horrek etorkizuna izatea. Herri handietan dendak ixten ari badira, hemen mantentzea oso zaila da. Erronka horiek hemen oso zailak dira. Bizi joerak ere aldatu egin dira, internet bidez erostea, kasu. Ideia oso erromantikoa da, baina praktikan oso zaila da eta ez dugu uste hortik jo behar genukeenik.
Herri askotan etxebizitzen gaia da kezka nagusietako bat. Nola dago Ezkion gai hori?
Etxebizitzen arazoa garbia da: etxebizitza bat erostea edo jabe izatea gero eta zailagoa da, eta alokatzea ere garesti dago. Beraz, nahiz eta gai zaila den, gai horri buelta bat eman behar diogu, baina hemen ez dago etxe hutsik. 2008 eta 2010 urteen artean Santa Luzia auzoan etxe asko egin ziren. Herri txikietan, hala ere, etxebizitza arazoa ezberdina da. Akaso, gazteentzat etxebizitzak planteatzeko behar hori sortzen ari zaigu eta datozen urteetan landu behar dugu.
Nola irudikatzen duzu Ezkio hemendik urte batzuetara?
Herria antolatu nahi dugu. Bideak txukundu, garbitu, mendi aldea txukundu eta ibiltzeko moduan jarri nahi ditugu. Bestalde, tratatutako ura ez dute etxe guztietan, eta ur sarea osatu nahi genuke. Aldiz, lortuko ez bagenu, antolatuta utzi nahi genuke. Zuntz optikoa, bestalde, etxe guztietan egotea lortu dugu.
Legealdia amaitzean, zer egin izanaren sentsazioarekin amaitu nahi zenuke?
Gero eta saiakera gehiago ari gara egiten bideak txukuntzeko. Baserri bideetan kilometro asko daude, eta garai bateko herri bideak zirenak garbitzen ari gara. Mendi aldetik txukuntzea eta erabiltzeko moduan jartzen saiatzen ari gara. Esan bezala, zuntz optikoa etxe guztietan izatea lortu dugu. Ura, bestalde, oso basikoa da. Oraindik etxe askotan ez dago tratatutako urik. Baserri asko dago, eta hor ur sarea osatu nahi genuke. Eta aitzitik ezin badugu osatu lan luzea delako, behintzat, forma emanda utzi nahi genuke. Bide gorria ere badugu buruan. Ormaiztegitik Zumarragara doan bide batek zeharkatzen gaitu alderik alde, eta bide gorri hori ia osatuta dago; zati bat geratzen zaigu Zumarragarekin lotzeko. Hori hala ere zailagoa da industrialdea bat zeharkatu behar duelako, baina beste helburuetako bat da. Gizarte zerbitzu mailan ere badugu beste erronka bat: harrera etxea. Harrera etxe bat egin nahi dugu edozein herritarrek edozein momentutan beharra badu erabiltzeko. Egokitutako etxe bat izango da, eta proiektua prestatuta dago.
Udal eta foru hauteskundeak Itsasok auzo udal izendapena eskuratzeko abiatutako prozesuaren erdian egokitu zarete aurten. 2020ko uztailean Espainiako Auzitegi Gorenak Itsasori herri izaera ematen zion Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru dekretua baliogabetu ondotik, 2021eko urtarrilaz geroztik herri bakar bat dira berriz, Ezkio eta Itsaso. Orduan jarri zuten abian udal izateko prozesua.
Hasiera batean legeak aginduta desegin behar izan genuen, eta orain bat gara. Hala ere lehenengo momentutik bakoitza bere aldetik hasi ginen lanean bakoitzak bere funtzionamendua izan dezan. Guk bi herri garela ulertzen dugu eta horrela jarduten dugu. Orain fondo foral bakarra daukagu Ezkio-Itsasora iristen dena, baina bakoitzak bere aurrekontuak ditu. Itsasok nahiz eta muga batzuk dituen, haien kabuz jarduten dute. Muga batzuk dituzte lege aldetik, baina bestela herri moduan funtzionatzen dute. Harremana gainera ona da. Auzo udala izateko prozesuan nahiko aurreratuta gaude. Batzar orokorretatik pasa da dagoeneko, eta hurrengo pasua auzo udala izatea da, Espainiak oraindik herri izateko aukerarik ez baitio ematen. Batzar orokorretan onartutzat bezala ematen dute. Tartean hauteskundeak egon ziren eta hor jendea aldatu egiten da, baina berrio eratu dira batzar orokor berriak eta horrekin gabiltza bueltaka, baina esperantzarekin laster Itsaso auzo udala izango dela. Ezkio Itsasoko auzo udala izango da baina beraien autonomiarekin eta funtzionamendu propioarekin.