Lan munduan euskara sustatzeko Hizkelan jardunaldia Goierri Eskolan izan da
Jakinbai.eus webgunean jarriko dute jardunaldi osoa ikusgai. Iñaki Biain eta Irizar kooperatiba saritu dituzte Lanbide Heziketa eta lan mundua euskaraz bultzatzeko egindako lanarengatik.
Hizkelan VIII. jardunaldia egin dute gaur Goierri Eskolan. Urtero egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko toki ezberdinetan. Aurten Goierrira ekarri dute. Jardunaldien helburua da Lanbide Heziketa, lan mundua eta euskarazko kudeaketa uztartzea, lan munduan euskara sustatzea eta baliabideak ematea elkarte, eragile edota enpresei lan munduan ere euskaraz bizi ahal izateko. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Lanekik, Ikaslanek eta Lanbide Heziketa sareak sustatutako ekimena da.
Lanbide Heziketa eta lan mundua euskalduntzean dauden egitasmoak ezagutzera ematen dituzte jardunaldiaren bidez. Gai ezberdinak landu dituzte: ikastetxeetako eta erakundeetako praktika onak, Lanbide Heziketa eta Adimen Artifiziala edota Lanbide Heziketa Duala. Adimen artifizialaren barruan, Chat GPT-k hezkuntzan duen eragina edota adimen artifizialaren teknologiak euskaraz eskaintzen dituen aukerak azaldu dituzte. Aurtengo jardunaldirako aukeratutako leloa Euskaratik euskarara heziketatik lanbidera! izan da.
Nori zuzenduta
Lanbide Heziketa, enpresa, elkarte eta erakundeen arteko zubi lanerako ekitaldia izan ohi da, lan munduan baliagarriak diren euskarazko edukiak eta ezagutzak partekatzeko. Bereziki Lanbide Heziketako ikastetxe, erakunde edo lantokiei zuzenduta badago ere, euskaraz lan egiteko baliabideak nahi dituen edozein langilerentzat izan daiteke baliagarria. Hori dela eta, ikusgai jarriko dute jardunaldi osoa ikusgai datozen egunetan, jakinbai.eus webgunean, hurrengo urtera arte.
Oroigarriak
Laneki oroigarriak ere banatu dituzte jardunaldian. Lanbide Heziketa eta lan mundua euskaraz bultzatu dutenen lana aitortzeko sariak dira. Aurten, bi banatu dituzte: bata, Iñaki Biaini eman diote, Bidasoaldeko Berritzeguneko Hizkuntza Normalkuntza arduradun teknikari bezala egindako lanagatik, berak bultzatu baitzuen Lanbide Heziketako Hizkuntza Normalkuntza Arduradun Teknikariak elkartzea eta koordinatzea; eta bestea, Irizar Kooperatibari, Lanekirekin urteak baitaramatza elkarlanean, Lanbide Heziketa euskalduntzen eta ikasleak euskarara hurbiltzen.