Bularreko minbiziaren aurkako egunarekin bat egin du udalak
Ordizian merkatari elkarteak 'Ordizian arrosaz jantzia' kanpaina jarriko du martxan bihartik urriaren 26ra. 300 euroko erosketa balea zozkatuko dute establezimenduetan erosten dutenen artean.
Bihar Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Ordiziako Udalak bat egin du deialdiarekin eta “gaitz gogor hori sufritu dutenei eta ari direnei babes osoa erakusten” diela adierazi du. Astelehenean Katxalin Elkarteko kideekin batera udaletxeko balkoian pankarta jarri zuten udaleko ordezkariek. Aste osoan egongo da. Barrena Jauregia kolore arrosaz argiztatuko dute.
Biharko egunaren harira, Ordizian merkatari elkarteak Ordizian arrosaz jantzia kanpaina jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin. Bihartik urriaren 26ra arte elkarteko establezimenduetan kontsumitzen dutenen artean 300 euroko erosketa bale bat zozkatuko dute. Epe horretan erosketa egiten duten bezeroek saltokian aurkituko duten txartela bete beharko dute haien datuekin, eta Ordizian Bulegoan dagoen postontzian bota beharko dute. Urriaren 27an zozketa egingo da eta irabazleak abenduaren 31 baino lehen erabili beharko du balea.
Ordizian-ek adierazi duenez, kanpainaren helburua da “hurbileko merkataritzan erosteko nahikoa arrazoi ikusten duten bezeroak saritzea”.