Epaitegiek arrazoia eman diote Legazpiko Udalari Lekanazpi elkartearen auzian
COVID garaian egindako musika kontzertu batean du jatorria auziak. Baimendutako tokian ez zelako egin eta ezarritako baldintzak ez zirelako bete, zigorra jarri zion udalak Lekanazpiri. Elkarteak errekurtsoa jarri zuen horren aurka, eta kereila bat ere bai udalaren kontra, bi udal langileren eta zinegotzi baten jarduna zela-eta. Kereila hori artxibatu egin dute.
Epaitegiek Legazpiko Udalari eman diote arrazoia Lekanazpi elkartearen auzian. COVID garaian, 2021eko uztailean Lekanazpik antolatuta plazan egin zen kontzertuan du jatorria auziak. Udalak Azoka barruan egiteko baimena eman zion, baina udal gobernu taldeak ohar bidez azaldu duenez, «gure herrian jakina da kontzertu hori ez zela egin baimen horretan adierazitako baldintzak errespetatuz». Ondorioz, udalak zehapen espedientea ireki zion, eta zehapena ezarri zion elkarteari.
Lekanazpik errekurtsoa jarri zuen zigorraren aurka epaitegian, eta errekurtso hori oraindik epaitegietan dago. Orain erabakitako auzia kontzertuaren inguruan bi udal langilek eta zinegotzi batek izan zuten jarreraren inguruan jarritako kereilari buruzkoa da.
Udalaren aurkako kereila
Izan ere, kontzertu egunean Udaltzaingoak partea egitean dokumentuak faltsutzea eta prebarikazioa egotzita, kereila bat ere jarri zuen Lekanazpik udalaren aurka Bergarako 4. Instrukzio Epaitegian. Epaitegiak 5/2022 Aurretiazko Eginbideak ireki zituen, eta udal gobernu taldeko zinegotzi bat eta bi udal funtzionario inputatu zituzten.
Oharrean jasotzen denez, kereilaren tramitazioak «ezinegon nabarmena sortu zuen beste udal langile publiko batzuen artean, baita larritasuna ere inputatutako hiru pertsonen artean». Bergarako epaitegira joan behar izan zuten hiruek deklaratzera, «eta hasiera-hasieratik geratu zen jasota ondo jokatu zutela». Epaitegiak 2022ko urriaren 5ean emandako Autoan behin-behineko artxibatzea erabaki zuen, «jarduketa irregularren zantzurik ez zegoelako».
Udal ordezkariek oharrean adierazi dutenez, «beti izan dugu konfiantza zinegotzi ohiaren eta egotzitako langileen lanarekiko. Salaketak oso bidegabeak iruditu zaizkigu, oinarririk gabeak, eta epaitegiek arrazoia eman digute».
Artxibatzearen aurkako errekurtsoa
Epaiaren ondoren, Lekanazpik errekurtsoa jarri zuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, auzia ez artxibatzeko eskatuz. Baina irailaren 28an kaleratu duen autoaren bidez, gaia artxibatzea berretsi du, ez zela jardun irregularrik izan argudiatuta.
Gobernu taldearen oharrean azaldu dituzte autoan Auzitegiak emandako arrazoiak: Lekanazpiren kontzertua ez zen egin baimendutako lekuan, eta ez zituen bete ezarritako baldintzak; inputatutako pertsonen jarduna zuzena izan zen; eta udalak ireki zituen espedienteak justifikatuta eta arrazoituta zeuden.
Inputatutako hiru pertsonei «kalte pertsonala» eragiteaz gain, udalari 6.000 euroko kalte ekonomikoa eta zeharkako kostu batzuk eragin dizkiola ere jakinarazi dute oharrean, horien artean «kalkulatzeko zailak» diren funtzionarioen orduak. «Uste dugu kostu judizialak Lekanazpiri egotzi behar zaizkiola, haiek aurkeztu baitzuten salaketa».
Kalte pertsonalen inguruan, berriz, eta «beharrezko erreparazioari begira», eskatu dute «bi funtzionarioen eta zinegotzi ohiaren aurkako akusazio bidegabe horiek egin dituztenek barkamena eskatzea publikoki».