Gazako sarraskia gelditzea eskatzeko mobilizazioak egingo dituzte
Gernika-Palestina ekimen herritarrak manifestazio nazionala deitu du larunbaterako, Donostian. Manifestuaren sinatzaileen artean daude Nekane Balluerka ordiziarra eta Idurre Eskisabel beasaindarra.
Gazako sarraskia gelditzea eskatzeko mobilizazioak egingo dituzte datozen egunetan Euskal Herriko toki ezberdinetan. Gernika-Palestina ekimen herritarrak deituta, manifestazio nazionala izango da larunbatean, Donostian. Euskal jendarteari dei egin diote parte hartzera.
Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna! lelopean, manifestu bat sinatu dute lan arlo ezberdinetako hainbat eragilek. Tartean daude Nekane Balluerka ordiziarra (EHUko errektore ohia) eta Idurre Eskisabel beasaindarra (Euskalgintza Kontseiluko idazkari nagusia). Adierazpenean dioten bezala, urriaren 7az geroztik indarkeriaren areagotzea gertatu da Israelen eta Palestinan: «Bi aldeetako zibilen heriotzak zeharo mingarriak dira eta bake aukeratik urruntzen gaituzte, dagoeneko 75 urtez luzatzen den gatazka honetan».
«Kezka» agertu dute Gazaren bonbardaketengatik zein oinarrizko hornigaien mozketengatik, eta «premiazkotzat» jo dute «ondorio latzak izaten ari den eskalada belikoa gelditzea». Horregatik, bost puntutan zehaztu dituzte eskaerak: «berehalako su etena» eskatu dute, eraso guztiak amaitzea eta zibilen segurtasuna bermatzea; Palestinako lurraldearen gaineko mehatxuak bukatzea eta laguntza humanitarioa sartzea ahalbidetzea; herritar palestinar eta israeldarrek bakean bizitzeko duten eskubidea bermatzea; alde guztiek eta nazioarteko komunitateak «konponbide baketsu eta negoziatua» bilatzea; eta horretarako beharrezkoa den elkarrizketa prozesu bati ekitea. «Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, nahitaezkoa da okupazioari amaiera ematea eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea», adierazi dute.
Urretxun eta Zumarragan
Bihar, 19:00etan, elkarretaratzea izango da Urretxu-Zumarragako Areizaga Kalebarren plazan, Urola Garaiko Koordinadora Feministak, LABek, Ernaik, Sarek, Gure Eskuk eta Gaztelekuak deituta. Kontseilu Sozialistak, berriz, ostiralerako deitu du elkarretaratzea, 18:30ean, leku berean.