Gazta eskaintza zabaltzen doa
Behi esnearekin egindako gaztak estimazio handia du Ordiziako ferian. Beñat Telleria da ekoizle eta saltzaileetako bat, eta atzotik, mota berri bat du salgai, ohikoa baino onduagoa.
Gaztak toki berezia du Ordiziako ferian, eta ardiaren esnearekin, behiarenarekin zein ahuntzarenarekin egindakoak erosteko zortzi postu daude aukeran. Horietako bat Beñat Telleriarena da.
Behi esnearekin Mutiloako Odio baserrian berak egindakoa du salgai Telleriak, eta gazta mota berri bat aurkeztu du gaur, sei hilabeteko ontze prozesuaren ondoren sortutakoa. Udaberriko esnearekin egindako hiru kiloko piezak dira, zatika erostekoak, baina kilo eta laurden inguruko gazta osoak ere saltzen ditu. «Behi esnea urte osoan izaten dugu, baina udaberrikoak kalitate hobeagoa du, eta gainera, gehiago izaten da». Lehen aldia da horrelako gazta ondua salgai jarri duena, eta gaur goizean izan duen harrera ikusita, arrakasta izango duela dirudi. Kiloa 18 euroan du. Gazta “xamurra” eta gazta urdina ere saltzen ditu.
Telleriaren gazta hori izan da berritasun nagusia, hego haizeak jotako ferian. Baina gazta saltzaile honen postu berean egoten den Iñaki Intxaustik babarrun beltz ekologikoa ere aurkeztu du. Babarrun beltza, batzuk Tolosako babarruna ere deitzen dutena, duela aste batzuk iritsi zen feriara, baina gaurtik ekologikoa ere erosi daiteke, kiloa 16 euroan.
Baratza eta soroko produktuekin jarraituz, bitxikeria bat ere izan da gaurko eskaintzan. Baliarraingo Edurne Jauregik arantzadun xaiota zuria jarri du salgai. Kiloa 3 euroan zuen, berdea bezala.
Azaroaren 1erako loreak
Lore kontuetan ere izan dira berritasunak, datorren astean handiagoak izango badira ere, Izan ere, bai Azanza eta bai Mendizabal azaroaren 1ean hilerrietara eramateko lore zentro eta landareekin joango dira feriara, bezeroek enkarguak egin ditzaten. Gogoratu aurten azaroaren 1a asteazkena dela, eta jai eguna izanik, bezperan egingo dela feria Ordizian.
Bitartean, neguko denboraldirako egokiak diren geroz eta lore gehiago ikusten dira bi postu horietan. Gaur ere bi gehiagotan erreparatu zitekeen. Horietako bat, txilarra zen. Biek zuten salgai, arrosa kolorekoa, batek biziagoa, besteak apalagoa. Landareak 4,5 eta 7,5 euro artean zituzten salgai, tamainaren arabera. Azanzak, gainera, bellis margarita ere bazuen aukeran, hori 1,5 euroan.
Bertako perretxikorik ez
Plaza barruan ez da perretxikorik ikusi. Izan ere, ez du euririk egin aspaldi, eta hemengo basoetan ez dago. Urrutiago bai, ordea, eta horren lekuko, Mikel Lasaren eta Felix Barcinaren postuetan osatutako eskaintzak.
Bi saltzaileen artean, 200 kilo onddo izan dituzte salgai, kiloa 16 eta 30 euroan. Gainera, 36 kilo ziza hori (15-22 euro), 20 kilo niskalo (20 euro) eta bost kilo gibelurdin ere (30 euro) eskaini dituzte.
Bisitak, eten gabe
Ikasturtea hasi denetik, etengabeak dira bisitak ferian eta esan beharra dago giro berezia jartzen dutela beti. Gaur, goizean goizetik ibili dira postuz postu Ordizia bertako Jakintza ikastolako ikastolakoak, eta beranduago Aiako Lardizabal herri eskolako ikasleak eta Arabako Aiara bailarako jubilatuak iritsi dira.
Bisita horietako askok herri erdigunetik zehar biratxo bat eman ohi izan dute, eta tabernetan zerbait hartu edo dendetan erosi. Feriak jarraipena duen tokietara ere iristen dira askotan, Zuhaiztiko fruta saltzaileen gunera, adibidez. Gaur haraino joan direnek, Valentziako zitrikoz beteriko postuak ikusi dituzte. Oraintxe da garaia, eta mandarinak, laranjak eta klementinak iritsi berriak dira.