Lazkaon udal tasa eta zerga gehienak %2,7 igoko dira; hondakinena eta urarena, %8
KPI Kontsumorako Prezioen Indizearen balioa hartu du oinarritzat 2024ko tasak garestitzeko. EAJk eta EH Bilduk aho batez onartu dute zerga araudia. Kiroldegiko ikastaroak, kulturakoak edo aisialdikoak egiteagatik ere diru laguntza jaso ahalko da aurrerantzean.
Lazkaoko Udalak kobratzen dituen zergak eta tasak %2,7 garestituko dira 2024an. KPI Kontsumorako Prezioen Indizearen balioa –bizimoduaren garestitzearen adierazlea– hartu du gehikuntza egiteko irizpidetzat.
Tasa eta zerga gehienei eragingo die. Baina badira bi zerbitzu KPIa laukoiztuta garestituko direna: hondakin bilketaren eta ur horniduraren tasak %8 haziko dira Lazkaon. Sasietako Mankomunitateak eta Ur Partzuergoak, hurrenez hurren, Lazkaoko Udalari ezarri dien igoera berberari “aurre egiteko” aplikatuko die udalak zergadunei.
Lehengo asteazkeneko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak 2024ko zerga araudia. Udal gobernuko EAJk eta oposizioko EH Bilduk aho batez onartu zuten zerga proposamena. Bi alderdien arteko “adostasun prozesu baten ondoren” onartu dela azaldu du udalak gaur, prentsa ohar batean.
Kepa Zubiarrain alkateak ordenantza fiskalen oinarrian dauden printzipioak “erantzukizuna, efizientzia eta ekitatea” direla zehaztu du. “Hainbat faktoreren ondorioz, hala nola KPIaren igoeragatik eta lizitazio-kostu handiagoengatik, bizitza garestitu egin da. Testuinguru horretan, neurri horiek funtsezkoak dira udal-zerbitzuen kalitateari eusteko”.
Laguntzak ikastaroetan ere
Zergen garestitzea zergadunentzat arintze aldera, laguntza-lerroak zabaldu eta gehieneko diru-sarreren baldintzak malgutuko ditu udalak, “lazkaotar bat bera ere atzean ez uzteko”. Orain arte uraren eta estolderiaren zergagatik, zaborrarenagatik edo zirkulaziokoagatik jaso zitekeen Lazkaon diru laguntza. 2024an, horiez gain, udal kiroldegiko kirol, kultura eta aisialdiko jardueretarako ere diru laguntzak emango dituzte.
Bestetik, Instalazioen eta Obren Zergan %95eko hobaria edo deskontua jaso ahalko da, eguzki-plakak eta energia berriztagarrien sistemak instalatzeko, edo ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak jartzeko baldin bada.