Astelehenean eta asteartean jarriko dituzte salgai merkataritza bonuak
3.000 bonu jarriko dituzte salgai Ordizian Merkataritza Elkartearen bulegoan, 9:00etatik 19:00etara. Hogei euro ordaindu beharko dira bonu bakoitzeko, eta 30 euroko balioa izango dute.
Aurten ere merkataritza bonuen kanpaina abiatu dute Ordiziako Udalak eta Ordizian Merkataritza Elkarteak. Astelehenean eta asteartean jarriko dituzte salgai Ordizian-en bulegoan, Andre Mari kalean, 9:00etatik 19:00etara (jarraian). Bukatzen ez badira, asteazkenean ere izango dute aukera herritarrek bonuak erosteko.
Maitane Alvarez alkateordeak azaldu duenez, pandemia garaian hasi zen bonuen kanpaina, eta merkatarien eskaerei erantzunez, jarraitzea erabaki dute: “Merkatariek baloratu zuten interesgarria zela merkataritza sustatzeko, eta horregatik, aurrekontuan partida bat jarrita, aurten ere bide horretan lan egingo dugu”. 3.000 bonu izango dituzte salgai. Hogei euro ordainduta, 30 euro gastatzeko aukera emango dute. Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu erosi ahal izango ditu, baina bonu bakoitzeko NAN ezberdin bat aurkeztu behar da.
Ostalariek eta elikadura saltokiek ere dute aukera parte hartzeko. Parte hartu nahi duten merkatari edo ostalariek izena eman behar dute Ordizian-ekin edo udalarekin harremanetan jarrita. Aurrerago jakinaraziko dute bonuak erabiltzeko aukera eskainiko duten establezimenduen zerrenda.
Kanpainaren helburua da “bertako ekonomia mugitzea eta herritarrei bertan erosteko aukera ematea”.