Aurreko legealdiko udal gobernu taldeak bere jarrera azaldu du Lekanazpiren auziaren inguruan
2021ean egindako kontzertuan du jatorria auziak. Baimendu bezala ez egiteagatik zigorra jarri zion udalak Lekanazpiri, eta elkarte honek kereila jarri zion udalari eta bi udal funtzionarioei dokumentuak faltsutzeagatik eta prebarikazioagatik. Kereila artxibatzea erabaki du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.
Aurreko legealdian Legazpiko udal gobernu taldea osatu zuten Koldobike Olabide alkate ohiak eta Maite Lonbide, Iñigo Imaz, Javier Iraeta eta Amaia Zaldua zinegotzi ohiek (Eric Galvez falta zen) agerraldia egin dute komunikabideen aurrean, Lekanazpiren auziaren inguruko jarrera azaltzeko. Bergarako Epaitegiak lehenik eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak gero, “arrazoia eman diote udalari, eta ez Lekanazpi elkarteari”.
Olabidek azaldu duenez, “orain arte isilik egon gara, irekita zeuden prozesu judizialekiko errespetuagatik”, eta horrela egon ziren ere udalbatzetan gaiari buruz galdetu zitzaienean, “denetik entzun behar izan bagenuen ere”. Erantzukizunagatik isildu direla azpimarratu du, “baina zer gertatu zen eta Lekanazpi eta bi udaltzain zergatik zigortu ziren azaltzeko ordua iritsi da”.
Duela bi urteko kontzertua
Ondoren, gertakarien kontakizuna egin zuen alkate ohiak eta Lonbide zinegotzi ohiak, Lekanazpik 2021eko uztailaren 14an udaletxe atzeko plazan antolatu nahi zuen kontzertuaren testuingurua azalduz. COVID garaia zela gogoratu dute. 920 kasu zeuden Legazpin eta gorriz markatuta zegoen; hura “hartu ziren erabakietan oso faktore garrantzitsua” izan zela nabarmendu dute. Horregatik, Lekanazpik kontzerturako eskatutako terraza irekiaren formatua ez zuen baimendu udalak, eta Azokan egiteko baimena eman zion, distantzia eta edukiera baldintzekin.
Azokarako baimena jaso aurretik, baina, kontzertuaren egun eta ordu berean jendea mahai inguruetan eserita protesta elkarretaratze bat egiteko baimena eskatu zion Ertzaintzari Lekanazpik. Eskaera “ohiko bidetatik” egin ez zenez, Udaltzaingoari eta gobernu taldeari ez zitzaien haren berri iritsi, eta elkarteak ez zuen horren aipamenik egin baimena berriz eskatu zuenean.
Kontzertuaren eguna iritsita, arratsaldean ertzainak plazara iritsi zirenean, haiengana hurbildu ziren lanean ari ziren bi udaltzainak, eta orduan jakin zuten plazan elkarretaratze bat egiteko eskaera eta baimena zegoela. Baina bi udaltzainek ez zioten arduradunari deitu elkarretaratzearen berri emateko, ezta kontzerturako eszenatokia Azokatik kanpo muntatzen ari zirela esateko ere.
Kontzertua egin zen azkenik, eta “baimendu bezala egin zen ikusteko” intzidentzia agiria eskatu zieten udaltzainei hurrengo egunetan. Agiri hura egin gabe zuten, eta “nik eskatuta egin zuten azkenik”, azaldu du Olabidek, “baina gobernu taldearen eta bi udal funtzionarioen ustez ez zuten informazio garrantzitsua sartu, eta udaltzainburuak osatu behar izan zuen”.
Zigorrak eta epaitegiak
Azken dokumentu hori, sare sozialak, kontzertuan egon zirenen testigantzak eta komunikabideek argitaratutakoa ikusita, emanaldia ez zela Azoka barruan egin “argi geratu zen”, eta udalak espedientea ireki eta zigor administratiboa jarri zien elkarteari eta lanean ari ziren bi udaltzainei. Lekanazpiri jarritako zigorraren kontra epaitegian jarri zuen errekurtsoa irekita dago oraindik.
Gainera, elkarteak kereila kriminal bat aurkeztu zuen udalaren aurka dokumentuak faltsutzea eta prebarikazioa egotzita, udaltzaingoak parteak egitean irregulartasunak egin zituela argudiatuz. “Orduan oporretan nengoen ni neu, alkate ordea eta lau udal funtzionario jesarri nahi zian zituen akusatuen aulkian”. Baina Bergarako epaitegiak alkate ordea eta bi funtzionario inputatu zituen bakarrik, eta, gainera, atzera bota zuen salaketa aurrerago. Lekanazpik errekurtsoa jarri zion erabakiari, baina 2022ko abenduaren 5ean emandako epaian, udalaren alde egin zuen berriz ere epaitegiak.
Horren aurrean, Gipuzkoako Lurralde Auzitegira jo zuen Lekanazpik, eta horrek ere, aurtengo irailaren 28an emandako epaian, udalari eman dio arrazoia. Epai horretan hiru puntu “oso argi” uzten dituela adierazi du alkateak bere azalpenean: kontzertua ez zen egin udalak baimendutako tokian eta ez zituen errespetatu edukiera eta beste neurri batzuk; inputatutako alkate ordearen eta bi udal funtzionarioen jarduna zuzena izan zen; eta udalak Lekanazpiri eta bi udaltzainei irekitako espedienteak justifikatuta zeuden.
Udalak, beraz, “egin behar zuena egin zuen, eta gobernu taldekook zuzen eta erantzukizunez jokatu genuen”, laburtu du Olabidek, epaitegien arabera “ez da dokumentuak faltsutze deliturik egin”, ezta “prebarikazio deliturik” ere.
Barkamena eskatzeko eskaria
Prozesu honetan guztian “Lekanazpiren aurka azpilana egitea” eta “Lekanazpi gorrotatzea” leporatu diotela ere esan du Olabide alkate ohiak, “baita epaitegietara eramandako epai horiek defendatzeko diru publikoa gastatu izana ere”.
Baina Olabideren esanetan, “Lekanazpi izan da udal kontuetan kostu ekonomikoa eragin duena, eta gure ustez elkarteak ordaindu beharko luke hori”. Gainera, auzian nahastutakoei kalte pertsonala eragin die. Horregatik guztiagatik, “Lekanazpi ordezkatzen duten pertsonei barkamen eskaera publikoa egiteko eta egin duten akats larria onartzeko eskatu behar zaie, kaltetutakoen zintzotasuna eta jokabidea zalantzan jarri direlako”.
Amaitzeko, Olabidek esan du prozesu guzti honen arrazoien artean, “ondo jarduten duela eta Legazpirekin eta legazpiarrekin etengabeko konpromisoa duela erakutsi duen udal gobernu talde baten aurrean hauteskundeei begirako abantaila ateratzea” egon dela.