CAFeko langileek "erantzukizunak argitzea" exijitu dute
Manifestazioa egin dute abuztuan lantegiko hiru nabe amiantoz kutsatu ondoren enpresa zuzendaritzak eta administrazioak izan duten jarrera salatzeko. Langileen osasuna "arriskuan" jarri izana leporatu diete.
CAFeko langileek bi orduko lanuztea egin dute gaur, abuztuan, enpresako hiru nabetan egin ziren lanen ondorioz amianto kutsadurarekin izandako gertakarien inguruan erantzukizunak eskatzeko. Langileen batzordeak salatu du, “langileen osasuna arriskuan” jarri dela.
Prozesu guztian CAFeko enpresa zuzendaritzak izan duen jarrera kritikatu du enpresa batzordeak. “CAFek zaindu behar du bere langileen osasuna, eta beraz, hain prozesu korapilatsuan zalantzarik txikienaren aurrean, zuhurtasun printzipioa nagusitu behar zen”. Baina ez daude bat emandako urratsekin; “Ez dakigu non geratzen den hainbeste goraipatutako prebentzio kultura”.
Administrazioak egindako lanarekin ere ez daude gustura langileak. “Argi geratu da, administrazioak ezarritako protokoloek huts egin dutela eta ez dutela bermatzen amiantoa kentzea segurtasun osoz, ez CAFen ez beste edozein lekutan, ingurumen neurketak egiteak ez baitu balio amiantoarekin kutsatutako inguruneak detektatzeko”. Abuztuaren 25ean amianto kutsadura detektatu eta prebentzioko ordezkariek egoeraren berri emateko Osalani deia egin ondoren, “astebete behar izan zuten enpresara joateko eta prebentzioko ordezkariekin biltzeko”.
Gauzak horrela, “erantzukizunak argitzea” exijitu dute. Beasaingo kaleetan manifestazioa egin dute gaur, bizi duten egoera eta kezka gizarteratzeko. Ondorengo bideoan gaurko mobilizazio eta adierazpenak.