Errigorako saskiak bihartik azaroaren 9ra arte eska daitezke
Udazkeneko kanpaina aurkeztu du gaur Hernanin Errigorak, '10 urte bete-bete' leloarekin.
Azaroaren 9a izango da Errigoraren aurtengo saskia eskuratzeko azken eguna. Goierriko 27 lekutan dago saskia eskuratzeko aukera; ia herri guztietan, alegia: Ataunen, Beasainen, Ezkion, Gabirian, Idiazabalen, Itsason, Itsasondon, Lazkaon, Legazpin, Legorretan, Mutiloan, Ordizian, Ormaiztegin, Seguran, Urretxun, Zaldibian, Zerainen, Zegaman eta Zumarragan.
Hala ere, badira modu gehiago saria eskuratzeko, eta Errigora.eus webgunea da bat. Bestalde, “ohiko” bideak ez baztertze aldera, kanpainako esku orriak dakarren inprimakia betez ere egin daiteke eskaera.
Aurreko urteetan ez bezala baina hasierakoari keinu eginez, 50 euroko saski bakarra osatu dute aurten Errigorakoek. Haien hitzetan, saski originala, biribila eta biderkatzailea da, eta bertan 23 ekoizleren ohiko bederatzi produktu ekologiko eta konbentzional jasoko dituzte, nahasian. Azpimarratu dute, bestalde, saskiaren prezioa produktu horiek dendan erosi ezkero izango luketen prezioen parekoa dela.
Errigora Euskal Herria oinarri eta auzolana ardatz dituen ekimena da. Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonaldeetan eragiteko helburua du. 10 urte bete ditu aurten. Udazkeneko kanpaina aurkeztu du gaur Hernanin Errigorak, ’10 urte bete-bete’ leloarekin.