Gazteen emantzipaziorako laguntzak emango ditu udalak
18 eta 35 urte arteko gazteei alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzea da ekimenaren helburua. Azaroaren 16ra arte egongo da zabalik eskaerak aurkezteko epea.
Ordiziako Udalak gazteen emantzipaziorako laguntzak emango ditu. Alokairua 2022ko azaroaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra arte ordaintzeko izango dira diru-laguntzak. Udalak azaldu duenez, 18 eta 25 urte arteko gazteei alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzea da ekimenaren helburua.
“Gazteen emantzipazioak arduratzen gaitu. Kontziente gara gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunez, dituzten lan baldintza, diru-sarrera eta etxebizitzen prezio altuaz”, adierazi du Adur Ezenarro alkateak. Diru-laguntzaren zenbatekoa gehienez errentaren %50 izango (gehienez 325 euro bizikidetza unitate bakoitzeko), 12 hilabeteko eperako. Laguntzatik kanpo gelditzen dira garaje eta komunitate eta administrazio gastuei dagozkien ordainketak, eta errentarako beste laguntzaren bat jasotzen duena deialditik kanpo geratuko da.
Baldintzak:
-18 eta 35 urte arteko adina izatea.
-Eskatzaile edo bizikidetza unitateko kideetatik inork ez izatea jabetzan etxebizitzarik.
-Ordizian urtebetez erroldatuta egotea eskaera egiteko unean.
-Errentamendu kontratu batean titularra izatea.
-Diru sarreren mugak: gutxienez 6.000 euro eta gehienez 25.000 euro gordin urtean.
-Eguneratuta izatea udal zergak, tasak eta zehapenak.
-Etxebizitza Ordizian egotea.
-Etxebizitzaren errenta gehienez 650 eurokoa izatea.
Atzo argitaratu zituzten oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Gaurtik aurrera, azaroaren 16ra arte egin daitezke eskaerak, elektronikoki erregistro elektronikoan edo Herritarren Arreta Bulegoan, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 13:30era.