Kultur eskaintza zabala izango da asteburuan Beasainen
Musika, buruhandi eta erraldoien konpartsaren kalejira, euskal dantzen emanaldia eta argazki erakusketa egongo dira.

Ekaitz konpartsako buruhandi eta erraldoiak.
Kultur asteburu bete-betea izango da Beasainen. Bihar, ostirala, Argizpi argazkizale elkarteak, Igartzako Burdinolan azaroaren 5era arte ikusgai egongo den argazki erakusketa inauguratuko du, 18:00etan. Bitartean, herriko kaleetan zehar, Ekaitz konpartsako buruhandi eta erraldoiak ibiliko dira, Goizeresi Txistulari Elkarteak lagunduta, 18:00etatik aurrera. Bihar ere, Ion Martinez ‘Txiki’-k bakarrizketa saioa egingo du, Euskaldunen jatorria, irria eta historia izenburupean, Igartza jauregian, 20:00etan hasita.
Larunbatean, berriz, dantza jaialdia egingo du Aurtzaka Dantza Taldeak, Gernika pasealekuko frontoian, 19:00etatik aurrera.
Eta igandean, Loinatz abesbatzaren kontzertua izango da, Igartza Musika zikloaren barruan, 19:00etan.