Mikel Saez de Urabainen azken balentria
Alpinista ordiziarrak Bhagirathi III (6.454 metro) mendia igo du beste hiru mendizalerekin, Indiako Himalaian. Mendian egindako lanaz "harro eta pozik" dagoela nabarmendu du.
Zaldibian bizi den Mikel Saez de Urabain alpinista ordiziarrak beste balentria bat egin du. Jose Maria Andres, Ruben perez eta Alex Kammerlander espainiarrekin batera Indiako Himalaiako Bhagirathi III (6.454 metro) mendia eskalatu du. Hegoekialdeko ezproitik egin dute igoera, Stairway to heaven eta Eskoziarren bidea igoera zatiak uztartuz. Tontorrerainoko azken igoera 43 ordukoa izan zen, non-stop eran, alegia, gelditu gabe. Desnivel aldizkariak jaso du igoeraren kronika (gazteleraz dago). Irailaren 26an zapaldu zuten tontorra.
Lehen hogei egunetan Stairway to heaven bidea aritu ziren lanean: eskalatzen, sokak jartzen, hamaketan lo egiten… Elur ekaitz bati baino gehiagori aurre egin behar izan zioten horman zeudela. 4.800 metrora oinarrizko kanpaleku jarri zuten horman, eta 5.350 metrora hamaken lehen kanpalekua eta 5.500era bigarrena. Eguraldia ez zuten lagun izan ordea, eta ikusita denbora handirik ez zutela, gailurrera iristea lehenetsi zuten, eta Eskoziarren bidetik igotzeko erabakia hartu zuten.
“Harro eta pozik”
Mikel Saez de Urabainek “espedizioaren balorazio oso positiboa” egin du bere blogean idatzi duen egunerokoan. “Gure eginbehar nagusiena denok onik itzultzea zen, eta hori lortu dugu. Egin dugun harremana bikaina izan da. Ez genuen elkar ezagutzen, eta lagun modura itzuli gara. Mendian egindako lanaz harro eta pozik nago”.
Alpinista ordiziarrak nabarmendu du “hobeto eta azkarrago” ere egin izan zezaketela igoera, eta orain 20 urte beste era batera planteatuko luketela igoera. “Gailurra zapaltzea, nire kasuan 55 urterekin, ez da amets bat soilik izan, baizik eta ilusioaren bidetik jarraitzeko pizgarri bat”.