Olaberrian Gau Beltza ospatuko dute urriaren 31n
Arimen gaua edo gau beltza delakoan, Euskal Herriko aspaldiko ohiturak berreskuratuko dituzte. Kalabazak apaintzeko ikastaro bat egingo dute haurrekin bezperan. Urriaren 31n, ipuin kontaketa, susto ibilbidea eta afari-merienda egingo dituzte.
Santu Guztien Egunaren bezperan Euskal Herrian ospatu ohi zuten Gau Beltza edo arimen gaua geroz eta herri gehiagotara ari da iristen. Olaberrian berreskuratu egingo dute ohitura hori, eta urriaren 31 iluntzerako hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Egitaraua bezperan hasiko da, hilaren 30ean. Kalabazak hustu, margotu eta beldurtzeko moduan apainduko dituzte haurrek, Jolas Txokoak antolatuta (16:15-19:00). Izan ere, Gau Beltzaren ezaugarrietako bat da kuia edo kalabaza, giza aurpegi itxura emanda, barruan argi bat ipinita, bide ertzean utzita jendea izutzeko izaten zena. Kalabazak prestatzeko ikastaroan hiru urtetik aurrerako haurrek parte hartu ahalko dute, udaletxeko arkupeetan.
Gau Beltza ospatzeko, urriaren 31n, 19:30ean hasiko da egitaraua. Haurrentzat ipuin bat kontatuko dute lehenik, parkean. Ondoren, susto ibilbidean ibiliko dira. Zazpi urtetik aurrerakoentzat da, eta gazteagoak gurasoek lagunduta joan behar dute. Bukatzeko, afari-merienda egingo dute.
Susto ibilaldirako mozorrotuta joango dira haurrak –hori ere Gau Beltzaren ezaugarri da–. Baserritar jantzia izango dute oinarri, eta aurpegia estaltzeko zapia eta buruan lastozko kapela. Jolas txokoan prestatu ahalko dituzte aurrez mozorroak.
Azaroaren lehenean, gaztainak
Gaztainerre ohitura ere mantenduko dute olaberritarrek. Usadioari kasu eginez, azaroaren 1ean egingo dute gaztaina jana, 18:30ean. Aurretik, 18:00etan, herriko argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte, udaletxeko ganbaran.