Oria ibaiko zubi berriaren egitura jartzeko lanean ari dira
Bi garabi erraldoirekin ari dira zubi berriaren egitura jartzen. Logistikoki "mugarria" dela nabarmendu du Antonio Aiz Ura agentziako zuzendari nagusiak. Obra osoa 2024 urteko uztailerako amaitzea espero dute. 7,8 milioiko aurrekontua du.
Oria ibaiaren gaineko zubi berriaren egitura gaur jartzeko lanean ari da Ura-Uraren Euskal Agentzia, Ezkiagan, CAFeko atari inguruan. Bi garabi erraldoi daude bertan lanak burutzeko; «logistikoki mugarri garrantzitsu eta ikusgarri bat da» nabarmendu du Antonio Aiz Ura agentziako zuzendari nagusiak, Leire Artola Beasaingo alkatearekin eta Gorka Zabalegi CAF enpresako ordezkariarekin batera, obrak ikuskatzeko egin duten bisitan. Obra osoa 2024 urteko uztailerako amaitzea aurreikusita dago, eta 7,8 milioi euroko aurrekontua du.
Ezkiaga auzoko lan hauek «egitasmo hidrauliko bat bakarrik ez, eraldaketa urbanistiko bat ere bada, beasaindarren, Beasain eta Goierriko jarduera ekonomikoaren segurtasuna bermatzen duena», Aizen hitzetan. Lanen martxaren inguruan adierazi du, «aurreikusitakoaren arabera» ari direla.
Obra osoa bukatzen dutenean, «ibilgua zabalagoa izango da, segurtasuna irabaziko da, irisgarritasuna hobetuko da, bidegorria mantenduko da eta bertako trafiko arazoei irtenbidea emango zaie, herritarren eta batez ere auzotarren bizi kalitatea hobetuz», azpimarra egin du Artola alkateak.
Elkarlana
Lan horiek egiteko erakundeen arteko elkarlana «ezinbestekoa» izan dela adierazi dute. Ura agentziak 6.152.900 euro eta Udalak 1.630.000 euro finantzatu dituzte. CAFek Uraren esku utzi ditu lursailak eta Europako funtsaren finantzaketa ere izan da.