«Udala motore bat da, eta herriko dinamikak bultzatu egiten ditu»
GHEren aurreko agintaldietako ildoari jarraituko dio Endika Igartzabal Murua (Gabiria, 1991) buru duen udal taldeak. Zinegotzi izan zen 2015-2019an, eta orduko esperientzia baliatu nahi du.
Endika Igartzabal Gabiriako alkatea. // Argazkia: Aimar Maiz Lehen hilabeteak pasatu dituzu alkate postuan. Zer moduzkoa izan da kontaktua hartzea?
Ona. Udala zer zen banekien, lau urte zinegotzi egonda nengoelako eta alkatearen papera gertutik ikusi nuelako. Hasiera nahiko ona izan da. Uda lasaia izan da, Gabirian festetan zentratzen garelako, batez ere. Iraila lanpetuagoa izan da, benetako hasiera.
Zer aldaketa nabaritu duzu zinegotzi izan zinenetik alkate titulua duzun honetara?
Bastantekoa. Azkenean, nahita edo nahi gabe, denek alkatearen figura bilatzen dute. Ardura gehiago da, kezka gehiago. Jendearekiko beste figura bat zarela antzematen da. Baina legealdi honetako saiakera bat bai ari da izaten udal barruko funtzionamendua ahalik eta horizontalena izateko –ez dut esaten bertikala izan denik orain arte–, eta gauzak zinegotzien artean delegatzeko. Bestela, ez dut uste sostengagarria denik lau urtean horrelako presio bat edo lan bat.
Herri txikiotan liberaziorik ez duzue hartu ohi hautetsiek. Lanarekin edo etxearekin uztartzeko, nola moldatzen zara?
Karga pixka bat bada, eta nabaritzen da. Pertsonalki saiatzen naiz gauza gehienak fokalizatzen. Adibidez, ostegunetan etorri ohi naiz udaletxera, eta saiatzen naiz ahal den gauza gehienak orduan pilatzen. Hori bai, lanera lehenago sartzen eta irteten naiz, udaletxera etortzeko.
Zuk pausoa eman eta ardura hartu arte, kostatu zen alkategaia aurkitzen. Zerbaiten sintoma al da?
Nik uste, baietz. Eta ez da Gabiriako sintoma bakarrik, denetan aditzen den zerbait da: udalerako jendea bilatzea, kosta. Gabiria ez zen salbuespena izan. Orain dela lau urte arte egon nintzen ni udalean, eta iruditzen zitzaidan ez zitzaidala tokatzen, bazegoelako beste jende bat baliagarria eta aurrerapausoa eman behar zuena. Baina errealitatea izan zen ez zela egon horrelakorik.
Bileretan fokua asko gazteengan jartzen zen. Gazte pare bat animatu ziren zerrenda osatzeko, baina gero inork ez zuen babesik adierazten. Tesitura hori zen: beti ari gara esaten gazteek egin behar dutela, aurkeztu dira batzuk, eta orain inork ez diegu lagundu behar? Prozesu tentsoa izan zen. Ez dakit jendeak serio hartu zuen ala ez.
Nola ikusten duzu herria auzolan-borondate arloan?
Gabiria herri oso aktiboa dela esango nuke, eta hori festetan ikusten da. Agian, auzolaneko gaitasun eta borondate hori festetan ikusten da gehien. Hori oso indartsua da, eta eutsi behar zaio. Gainontzeko gauzetan, gehiago kostatzen da. Urteroko ekintza batzuek dinamika hartuta daukate, baina hortik kanporako zerbait denean, gehiago kostatzen da. Hauteskunde zerrendarako zer gertatuko zen oso kezkatuta zegoen jende bat, baina hori ere pixka bat ahaztu zaiola dirudi. Udal batzordeen bilerak egiten hasi gara berriz, eta berriz betiko jendea dabil. Horrek pena pixka bat ematen du.
Baina, egia da, baita ere, Gabiriari asko exijitzen diogula, ikusten dugulako momentu batzuetan –festetan, adibidez– asko erantzuten duela. Orduan, potentziala badagoelako exijitzen zaio hainbeste. Agian ez da hain parte-hartze eskasa gainontzeko gauzetan ere; gauza batzuetan asko ikusten denez, oreka hori ere erlatiboa da.
«Urteroko ekintzek martxa hartuta dute, baina hortik kanpora gehiago kostatzen da»
«Mahai gainean dago Ostatuko aterpetxearen aukera, baina ez da baztertzen beste erabilera bat ematea, hobetsiz gero»
«Gustatuko litzaidake, hemendik lau urtera, jendeak udala gertukoagotzat sentituko balu»
Udal funtzionamenduan aldaketarik egiteko asmorik bada?
Aldaketa nabarmenik ez dugu planteatzen. Zeren azkeneko urte dezentetako dinamika bat da, herriak funtzionatzen duena. Udala motore bat da, eta dinamika hori bultzatu egiten du. Erabakiak batzordeetan hartzen dira eta gaiak batzordeetan lantzen dira. Noski, gauza txiki asko udal mailan gestionatzen ditugu. Lehen irekitako bideei bultzadatxo bat eman nahi diegu. Adibidez, sare sozialetan uste dut bastanteko lana ari dela egiten, gu udalean sartu ginenetik. Horrelako gauzetan saiatu nahi dugu, jende gehiagorengana iristeko eta funtzionamendua denontzat erosotzeko.
Mahai gainean, zer proiektu edo lan aurkitu dituzu? Frontoiazpi kaleko harrizko hormaren egitura arazoa aipatu zenuten garrantzitsuenetakotzat.
Hor daukagu arazo potoloena. Ia 1,5 milioiko aurrekontuko konponketa dago proiektatuta, eta horri Gabiriako Udalak ezin dio aurre egin. Irtenbidea eman nahi diogu, baina, aldi berean, urtean zehar bestela egiten diren ekintzak, mantenimenduak eta baserri bideen konponketak albora utzi gabe. Orain hasi gara ateak jotzen, eta nola heldu aztertzen; faseka, bateko eta besteko erakundeen laguntzekin… Denen beharra edukiko dugu.
Badago arriskurik beste proiektu edo egitasmo batzuk galgatzeko?
Bai, eta ari da jada galgatzen. Aurreko udal taldeak ere ikusi zuen zer zetorren, eta buruan zeuzkan gauza asko –parkean estalpe bat, eskolan eguzki plakak…–, behar-beharrezkoak ez badira, frenatu egin dira. Luzerako izango da. Bultzatu nahi dugun beste proiektu bat Alkaintxikiko etxebizitzena da. Azken legealdian udalak esfortzua egin zuen: lurra erosi, urbanizatu, herriko gazteei lehentasuna eman. Orain, prezioak nola ikaragarri igota dauden, hori ere guk nahi baino frenatuago dago.
Geldirik dago eraikuntza?
Ez dago geldi, baina jabeek ikusten dute hasieran espero zituzten zenbakietatik gora joan zaiela. Udaletik lagundu nahi diegu, horri bultzada bat emateko. Ahal dugun laguntza tekniko dena emango zaie. Azkenean, zerbait estrategikoa da, azken lau urteetan lan egin dena. Orain ez dugu horrela geratzerik nahi, zeren urbanizazioa eginda dago.
Baserriaren jabetza ere udalarena da. Badago asmorik?
Oraindik ezer garbirik ez daukagu. Bere garaian komentatu zen beste eredu bateko etxebizitzak egin litezkeela, pisu txikiagoak, adineko jendearentzako zer edo zer… Ez dago ezer definitiborik. Aurreko legealdian erosi egin zen, eta legealdi honetan definitu beharko da zer egin.
Ostatuko inbertsio plana amaitu da?
Lehenengo, erabaki beharko da hor zer egin nahi den. Proiektu handia gauzatu da, irisgarritasun aldetik, teilatua dena aldatuta, eta ganbaran metro askoko espazio bat erabilgarri geratu da. Mahai gainean dago hasierako aterpetxearen aukera, baina ez da baztertzen beste erabilera bat ematea, hobetsiz gero. Lau urte hauetan forma eman beharreko zerbait da hori ere.
Lau urteok igarota, zer lortuta geratu nahiko zenuke?
Gustatuko litzaidake, hemendik lau urtera, jendeak udala gertukoagotzat sentituko balu. Gertutasun hori gazteekin-edo lortuko bagenu, eta funtzionamenduan horiek gainontzeko dinamiketara erakartzen saiatuko bagina, gustura nengoke. Funtzionamendu aldetik, horizontal izatea, elkarren artean gauzak delegatzea eta garden funtzionatzea lortuko bagenu, konforme.













