Zailtasunak gaindituta, asteburuan izango da VII. Marino Lejarreta Klasikoa
Larunbatean, akreditazioak jasotzeko gunea jarriko dute Barrenan arratsaldean, eta 19:00etan Marino eta Ismael Lejarreta anaiek hitzaldia eskainiko dute. Igandean izango da proba. 41 taldek parte hartuko dute.
Zailtasunak izan badituzte ere, azkenean egingo da Txapel Gorri elkarteak udalarekin eta beste hainbat kolaboratzailerekin antolatutako Marino Lejarreta Klasikoaren zazpigarren edizioa. Aurreko astean jakinarazi zuten antolatzaileek bertan behera geratzeko arriskuan zegoela boluntario faltagatik. Udalaren laguntzarekin bidegurutzeetan egoteko beharrezko jendea elkartzea lortu dutenez, asteburuan izango da VII. Marino Lejarreta txirrindulari ohien klasikoa.
Larunbatean akreditazioak hartzeko gunea jarriko dute Barrenan, arratsaldez, eta 19:00etan, hitzaldi bat eskainiko dute Marino eta Ismael Lejarreta anaiek. Igandean izango da lasterketa. Txirrindulari ohiez osatutako 41 taldek parte hartuko dute. 10:00etan Ordizian taldeen aurkezpenak egingo dituzte eta ondoren bi zatitan banatuko da proba. Lehenengo zatian Ordiziatik Alegiara joango dira txirrindulariak taldeka. Zati hori ez dute kronometratuko, eta trafikoa irekita dagoen bitartean egingo da. Bigarren zatia izango da kronometratuko dutena. Taldeka, Alegiatik Ikaztegietara abiatuko dira, eta Legorreta eta Itsasondo pasata Ordiziara iritsiko dira. 11,7 kilometroko ibilbidea egingo dute.
Lehenengo taldea Alegiatik 11:00etan irtetea aurreikusi dute, eta azkena 13:00etan. Talde guztiak iristen direnean sari banaketa egingo dute Ordizian. Ondoren, parte hartzaile eta kolaboratzaile guztiek Beti Alai frontoian bazkalduko dute elkarrekin. Eguraldi aurreikuspenak onak dira.
Talde batzuk
Marino Lejarretarentzat “ohore bat da horrelako klasika batean” parte hartzea, eta ohi bezala, festa giroan ospatzea espero du. Bera izango da Marino Lejarreta taldeko kapitaina. Ismael Lejarreta izeneko taldean bere anaia Ismael Lejarretak egingo ditu kapitain lanak, eta Kantabriako taldean Alfonso Gutierrezek. Angel Edok, Roberto Laisekak, Iñaki Aiarzaguenak, Juan Fernandezek eta Mikel Nievek haien izena daramaten taldeak gidatuko dituzte. Nieve aurreko urtera arte aritu da profesionaletan. Horiez gain, babesleek haien taldeak izango dituzte: Dolarea, Orkli, Hotel Castillo, Txapel Gorri, Euskaltel, Orbea…Ordiziako Triatloi Taldeak ere parte hartuko du.
Omenaldiak
Bi lagunen lana aitortzeko baliatuko dute VII. Marino Lejarreta Klasikoa. Batetik, Ismael Lejarreta omenduko dute Ordizia Proban lortutakoagatik (57. Ordizia Proba irabazi zuen, 1980an), eta bestetik, Iñaki Azantza, Ordiziako ehun probak biltzen dituen liburua ontzeagatik, Patxi Garmendia Txapel Gorriko presidentearen hitzetan, “sekulako lana egin baitu probaren zein herriaren historia jasotzen”.