Beni Vianak jaso du Ilintiren azken saria
Merkatari elkartearen dendetan gastatzeko 500 euroko txartela irabazi du. Ilintik Katxalin elkartearekin eta Garagunearekin elkarlanean egin duen kanpainan, bi loreontzitan sartutako bihotz eta xingola arrosa kopura asmatu behar zen: 916.
Katxalin elkarteko kideek, Garaguneko erabiltzaileek eta Eric Galvez alkateak lagunduta, Ilintik gaur eguerdian entregatu dio 500 euroko saria Beni Viana legazpiarrari, merkatari elkartearen azken kanpainan egindako lehiaketa edo ‘porra’ irabazi eta gero.
Katxalinek eta Garaguneak egindako bihotzez eta xingola arrosez bete zituen Ilintik bi loreontzi Betieder estetika zentroan eta Aranzazu Optikan, eta elementu guztien batura asmatu behar zuten bezeroek. Batuketa 916 zen, eta Vianak asmatu du kopurua.
Lehiaketa honetan 832 legazpiarrek parte hartu dute. Vianak 500 euroko txartela jaso du, Ilintiren dendetan gastatzeko.