Kultura astea hasiko du bihar La Bellota extremadurarren zentroak
Extremaduran jatorria duten legazpiarrek ohiko ekitaldiz osaturiko egitaraua izango dute datozen egunetan. Tute, cuatrola eta domino txapelketak eta jubilatuen eta haurren egunak ez dira faltako. Aurten Extremadurako jantzi tipikoen erakusketa ere egingo dute. La Bellotaren hurrengo hitzordua urtarrileko txerri festa izango da.
La Bellota extremadurar zentroak bihar emango dio hasiera urteroko kultura asteari. Irailean ospatu izan dute beste urteetan, baina aurten atzeratuta dator aste osoa kultur ekitaldiz beteko duten egitaraua.
Bihar hasiko da aurtengo edizioa, 13:30ean San Ignazio auzoko eskola zaharretan duten egoitzan bertan. Elkarteko lehendakariak ongi etorria egingo du eta ohorezko ardoa eskainiko diete bertaratutako guztiei. Hortik aurrera, ohiko ekitaldiz beteriko egitarauari ekingo diote.
Ia ohiko egitaraua
Hurrengo hiru egunetan karta jokoei eta dominoari egingo diete tokia. Tutearekin hasiko dira igande arratsaldean, eta Extremaduran oso zabalduta dagoen cuatrola karta jokoaren txapelketarekin jarraituko dute astelehenean. Dominoarena, asteartean izango da. Txapelketa guztiak 17:00etan hasiko dira jokatzen.
Jubilatuen eguna ere ospatuko dute ostegunean, txokolate jan eta guzti, eta ostirala, haurrentzat izango da. Haurrentzako jolasak eta marrazki lehiaketa antolatu dituzte, eta meriendarekin amaituko dute eguna.
Berritasun bat ere izango da egitarauan, aurten jantzi erakusketa egingo dutelako asteazkenean. Lokaleko emanaldi aretoa erabiliko dute horretarako, eta bertan, elkartearen lehen urteetan inauteriak ospatzeko josi zituzten jantziak eta Extremadurako traje tipikoak erakutsiko dituzte. Beste ekintza guztiak bezala, herritar guztiei dago irekita erakusketa hau ere.
Amaitzeko, bazkaria egingo dute larunbatean. bertan, 40 lagun elkartzea espero dute
Urtarrilean, txerri festa
La Bellotare elkartearen hurrengo hitzordu handia urtarrilean izango da. Orduan ospatuko dute txerri festa, eta gastronomiaren bidez legazpiar guztiekin elkarbanatuko dituzte txerri hilketaren inguruko Extremadurako ohiturak.